Hemendik Greziako errefuxiatuak laguntzeko ekimena

Karkara 2016ko aza. 29a, 07:52

Ainara Zamacola Greziara joan da errefuxiatuak laguntzera. Han egonda ere leku guztietara iritsi ezin duenez eta ezin dienez guztiei laguntza eman, oriotarrei eta aiarrei kolaborazioa eskatu die. Itsulapiko solidarioak jarri dituzte bi herrietako tabernetan.

Fisioterapeuta lanetan dabil Ainara Zamacola Grezian. Errefuxiatuei laguntzen ari da, baina hemengo oriotarren eta aiarren laguntza asko eskertuko lukeela azaldu du. Dirua bildu nahian dabiltza, han inguruan dagoen fisioterapeuta bakarra delako eta bere zerbitzuen eskaria asko handitu delako.

Hasiera batean bi kanpamendutan banatu zuen bere lana. Baina, geroz eta lan gehiago pilatu zaio eta inguruko hoteletara joateko eskariak ere jasotzen ditu. Baina Zamacolak ezin du toki horietara guztietara iritsi, ez baitauka autorik. Hara eta hona ibiltzeko ibilgailu baten beharra dauka. Hortaz, Aian eta Orion dirua biltzeko itsulapiko solidarioak jarriko dituzte. Baina, horrez gain, norbaitek kotxe bat donatu nahi izanez gero, Facebook bidez berekin harremanetan jartzea eskatu du.



Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide