Alberto Barandiaran batzar nagusietan

Tokikom 2016ko ira. 30a, 07:02

Hekimeneko zuzendariak agerraldia egin zuen irailaren 29an Gipuzkoako Batzar Nagusietako Euskara eta Kultura batzordean. Hau da Barandiaranek irakurri zuen testua:

Hasteko, eskerrik asko Batzar Nagusi hauetan gure agerraldia posible egiteagatik. “Hekimen elkarteak, sektorearekin lotuta egina duen diagnostikoa, definizioa, beharrak eta aurrera begira burutu beharreko lan-ildoen inguruko informazioa eskuratzeko” deitu gaituzte hona, eta saiatuko gara eskatutakoa zuzen erantzuten.

Definiziotik hasiko gara. Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak euskara hutsean ari diren herri ekimeneko hedabideak biltzen ditu eta sektore hori prestigiatu, bultzatu, garatu, elkarlanean jarri eta ordezkatzea dira bere eginbehar nagusiak. Euskara hutsean ari diren hedabideak, gaur egun, ehun eta hogei inguru dira, gehienak tokiko hedabideak, baina tartean daude hedabide orokorrak, nazionalak zein tematikoak ere.

Paperari lotuta ageri dira gehienak, erdia baino gehiago, eta zenbakitan ondoren datoz, euskarriei dagokienez, agerkari digitalak, irratiak eta telebistak. Gehienek jabego soziala dute, hau da, irabazteko asmorik gabeko elkarte edo fundazio batenak dira.

Hedabide nagusiak (ingelesez major media deitzen direnak) dira zabalkunde orokorreko eta eguneroko edo asteroko maiztasuna duten hedabideak. Hauek dira edozein hedabide sistemaren bizkar-hezurra. Euskal hedabideen sistemak baditu komunikabide nagusiak sektore guztietan eta horrekin ondoriozta daiteke gutxieneko egitura osoa mantentzen duela. Aipatzekoa da gehienak Gipuzkoan editatuak edo argitaratuak direla.

Horrekin batera, tokiko sare zabala dauka euskal hedabideen sektoreak. Ia Euskal Herriko eskualde guztietan banatzen diren egunkari, aldizkari, astekari, irrati, telebista eta agerkari digitalak, irismen handikoak eta lotura handiak dituztenak bertako gizarte sarearekin.

HEKA EHUko unibertsitate taldeak iazko Euskal Hedabideen Urtekarian —Hekimenek berak argitaratua— egindako ikerketaren arabera, hain zuzen ere Gipuzkoan daukate euskal hedabideek irismen tasarik altuena, hiztun kopurua hedabideekiko alegia.

Horrek esan nahi du ez bakarrik kontsumo tasak altuak direla dagoen hiztun kopuruarekiko, baizik eta proportzionalki hedabide asko daudela hartzaile potentzialarekin alderatuz gero.

Bestetik, eta Behategiaren barruan hasitako datu bilketari esker, gaur egun badakigu Gipuzkoan daukatela euskal hedabideek estaldurarik handiena, prentsa, irratia, telebista eta agerkari digitalen bidez. Ia herri eta eskualde guztietan aukera dago, beraz, tokiko zein Euskal Herriko informazioa jasotzeko euskaraz. Datu bilketa horri berari esker dakigu, era berean, hedabideen autofinantzazioa %64koa dela oro har, eta hedabide nazionaletan kopuru hori %70era igotzen dela. Sektoreko enpresa handienaren autofinantzazioa %80koa baino altuagoa da. Hedabideen iturri propioei dagokienez, berriz, harpidetzak dira nagusi, diru sarreren %40 inguru; ondoren dator publizitate pribatua. Publizitate publikoa, berriz, ez da %8ra iristen. Itzuliko gara publizitatearen arlo horretara.

Orain azpimarratu nahi duguna da sektorearen dinamismoa, eta aurrera egiteko gogoa. Baldintza oso gogorretan, diru laguntzen deialdiak izoztuta geratu diren edo behera egin duten azken urteotan ere, esan behar dugu ekoizpena mantendu edo igo egin dutela euskal hedabideek, eta ahaleginari eusteko bokazioa erakusten dutela gainera: hobekuntzak aurreikusten dituzte hurrengo urteetarako lan prozesuetan, banaketan eta marketinean. Produktuan, gutxiago.

Dinamismo horren erakusgarri dira, era berean, Interneteko datuak. Hekimeneko hedabideetako webguneek, 2015. urtean, 18,1 milioi bisita izan zituzten, inoizko bisita kopururik altuena. 2011. urtetik 2014. urtera bitarte, %32 igo ziren bisitok, eta azken urtean, iaz alegia, goranzko joera indartu egin zela azpimarratu behar da: 2011. urtetik

2015. urtera %73,4koa izan zen igoera​. Joera horren erakusgarri, 2015. urteko maiatzean bildu zuten Hekimeneko webguneek inoizko bisita kopuru altuen: 1.871.717 hain zuzen ere. Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak 2015ean diseinatutako Hekimen Analytics izeneko neurketa sistemaren datuek erakusten dutenez, kontsumo igoera honen arrazoi nagusia hedabide orokorren eta, batez ere, tokiko hedabideen kontsumoaren igoera izan zen. Azpimarratu nahi dugu datuon garrantzia. Ez bakarrik erakusten duten dinamismo horregatik, eta irismenagatik. Datuak esku artean izatea bera, oso urrats garrantzitsua izan da sektorearentzat.

Aurtengo urtarrilean EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatearekin sinatu genuen hitzarmenari esker, bost ikerketa talde jarri genituen elkarlanean sektorearen errealitatea ezagutu eta prospektibak egiteko, denera 40 ikerlari baino gehiago. Gaindegiarekin egindako lan estatistikoari esker, eta GFAren sinatutako hitzarmena lagun, inoiz baino datu gehiago ditu sektoreak, agregatuak eta arloz arlo. Urrats estrategikoa izan da.

HPSk iaz egindako neurketa zabalak (8.100 inkesta), bestetik, erakutsi du irakurtzeko gaitasun nahikoa dutenen artean euskal prentsa dela gehien kontsumitzen den produktua. Beste modu batean esanda: Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak iazko urtarril eta otsaila bitartean egindako kontsumo inkestaren datuen arabera, euskaldunek euskarazko prentsa aukeratzen dute hizkuntz gaitasunak gora egin ahala.

Prentsa idatziaren kasuan, euskaraz irakurtzen hobekien moldatzen diren euskaldunen artean Berria da egunkaririk irakurriena. Ia bostetik batek aukeratzen du egunkari nazionala. Astean zeharreko irakurleak zenbaturik, 117.000 kontsumitzaile baino gehiago dauzka Berriak. Zatirik handiena egunero-eguneroko irakurleak dira: 62.000 lagun.

Tokiko prentsak, berriz, 200.000 irakurle baino gehiago dauzka Euskal Herri osoan, azterketaren unibertsotzat jo den hiru irakurletako bat alegia. Tokiko prentsa erreferentziazko prentsa da Debagoienean, Durangaldean edo Bidasoaldean, esaterako, hau da, kalitatezko proiektuek, tokiko administrazioekin elkarlanak eta ingurune soziolinguistiko egokiek bat egin duten inguruneetan. Adibide horietatik jaio dira beste hamaika proiektu, eskaintza ugarituz eta aberastuz.

Eta hori, asko edo gutxi da? Zenbat dira euskal hedabideen kontsumitzaileak, gutxi, edo multzo esanguratsua? Hori argitzen ahalegindu ginen iaz HPSrekin batera egin genuen diagnosian.

Argi dago asko aldatu dela azken urteotan mapa soziolinguistikoa, eta igo egin dela kontsumitzaile potentzialen kopurua. Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoaren arabera, 714.000 lagunek osatzen dute 16 urtetik gorako euskaldunak gehi gaitasun nahikoa duten ia euskaldunen multzoa. Dei ditzagun elebidun efektiboak. Ez dezagun ahaztu horien artean %42,7k aitortzen duela hobeto moldatzen dela erdaraz, eta ez dezagun ahaztu ere, normalizaziorik eza dela eta, euskarazko hedabideak ezin direla iritsi kontsumitzaileengana erdarazko hedabideen maila eta intentsitate berean.

Ez dezagun ahaztu, beraz, irismenei buruz hitz egin beharko genukeela, irismen potentzial bakar bati buruz baino, 700.000 lagun horien artean egongo direlako telebista saio bat edo irratsaio bat ondo jarraitzeko arazorik ez duten hiztunak, eta, baita, ekonomiaren inguruko testu konplexu bat jarraitzeko gaitasun nahikoa dutenak. Denak.

Baina har dezagun erreferentziatzat 700.000 laguneko kopuru hori. Hori izan daiteke euskarazko hedabideen merkatua. Bada, egin dezagun irismenen arteko konparaketa. Espainian, 38 milioi lagun inguru dira hedabideen publiko potentziala. El País, esaterako, publiko horren %4rengana iristen da; El Mundo %3rengana. Katalunian, Ara %3rengana iristen da, El Punt-Avuiren antzera. Bada Berria, gurean, %8rengana iristen da. Anboto, lehen ere esan dugu, hedabide irakurriena da Durangaldean, eta Goiena, Debagoienean. Ttipi-Ttapa, Baztan-Bidasoan. Elhuyar zientzia aldizkariak Espainiako zientzia aldizkarien batez besteko hartzaile kopuru antzekoak ditu. Ez dira hain irismen txikiak.

Mondragon Unibertsitateko Hezikom ikerketa taldeak, bestalde, balio sozialaren inguruko ikerketa interesgarria abiatu zuen iaz, 2014ko abenduan Berria Taldean eta Goiena Taldean balio soziala neurtzeko tresna testatzea adostu ondoren. Lan hori egiteko, HPSren eta Hekimen elkartearen diru laguntza izan zuen Hezikom taldeak.

Hiru kontzepturen inguruan egituratu zuten lana Hezikomeko ikerlariek: lehenik, eragin soziala duen balio ekonomikoa neurtu zuten, hau da, hedabide horrek zenbat pertsona dituen soldatapean, inguruko hornitzaileei zenbateko erosketak egiten dizkien, zenbat diru inbertitzen duen inguru hurbilean eta abar; bigarrenik, balio sozial espezifikoa: euskarazkoetan, adibidez, hizkuntzaren normalizazioan edo lurraldearen kohesioan eginiko ekarpenak izan litezke arlo honetan aintzat hartu beharreko puntuetako batzuk; hirugarrenik, Administrazioari zerga bidez (Pertsona Fisikoen

Gaineko Zerga, Gizarte Segurantza, Balio Erantsiaren Zerga, Sozietate Zerga...) itzultzen zaiona dago. Hiru horien batuketatik kalkulatzen da balio sozial globala. Soilik hirugarren aldagaia kontuan hartuta, alegia administrazioari zergen bidez itzultzen diotena kontuan hartuta, funtzio sozial garbia duten eta balio sozialaren neurketa izan duten beste enpresa batzuk baino itzulera ekonomiko handiagoa ziurtatzen dute euskal hedabideek, ikerketa horren arabera.

Balio sozial espezifikoari dagokionez, berriz, hau da, enpresak gizarteari egiten dion balio ekonomikotik haragoko ekarpenari dagokionez, Berria eta Goiena taldeen artean, 24.233.035 euroko balio soziala sortu zuten 2014an. Beste modu batez adierazteko, diru-laguntzetan jasotzen den euro bakoitzeko 9,22 euro itzultzen dizkiote gizarteari.

Emaitza horiek berresten dute Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri duen 2015eko beste ikerketa batek dioena: euskarak balio ekonomikoa sortzen du. Euskal Autonomia Erkidegoaren Barne Produktu Gordinaren %4,1 euskarari buruzko enpresei dagokie.

Hezikom taldearen ikerketa balio ekonomikotik harago doa. Erakusten du komunikabideak kate-begi garrantzitsuak direla euskararen ekonomia horretan: balioa sortzen dutelako pedagogia arloan ari diren sektoreei begira; eragin handiadaukatelako euskararen arautzean eta arau horien sozializatzeko unean; lan handia egiten dutelako euskal mundua kohesionatzen; laguntzen dutelako elkarteen ekintzak eta enpresen ekoizpena ezagutarazten eta zabaltzen. Hori diote datuek.

Baina, zein dira gure beharrak?

Hasteko, prekarietatea da sektorearen gabezia handienetako bat. Bolondresen lanari esker ateratzen dira aurrera hedabide txiki asko, eta enpresa handi samarrek zailtasunak dituzte profesionalak atxikitzeko. Esperientzia galera izugarria izaten dute, urtero, euskal hedabideek, lan baldintzetan hobekuntzak egiteko ezintasun kronikoa gainditu ezinik.

Aurten, esaterako, bi diru laguntza deialdi nagusiak, HPSrenak zein GFArenak, ohi baino askoz gehiago atzeratu dira, banatu gabe daude oraindik, eta enpresa askok soldatak ordaintzeko zailtasun handiak ditu, eta izango ditu urte bukaerara arte.

Egia da administrazioek azken hogeita bost urteotan egin duten ahalegin jarraituari esker sortu dela, neurri batean, gaur egun daukagun errealitatea. Ondo eta garbi esan dezagun eskertzekoa eta aitortzekoa izan dela, eta badela, apustu hori. Baina ondo eta garbi esan dezagun, era berean, euskal hedabideek eutsi baldin badiote, eta bete baldin badute herri honek aitortua daukan beharretako bat, alegia euskaldunek informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea, hori norbanako askoren ahaleginari esker izan dela, herri ekimenari esker. Proiektu bakoitza arrakasta txiki bat baita, soilik administrazio diru laguntzekin eusterik ez duena noski.

Baina proiektuek iraun dezaten, eta gara daitezen, laguntza publikoak ezinbestekoak dira oraindik gaur egun.

Azken urteak gogorrak izan dira. Siadeco enpresak Eusko Jaurlaritzarako bi urtean behin egiten duen euskara aurrekontuen ikerketak ondorioztatu zuen, 2012an, aurrekontu orokorrak igotzen direnean, euskararentzako aurrekontuak ez direla igotzen proportzio berean, eta aurrekontu orokorrak jaisten direnean, are proportzio handiagoan jaisten direla. Jaurlaritzaren kasuan, nabaria izan da joera hori.

GFAn, aldiz, notizia onak izan dira azken urteotan. Aurten, esaterako, 440.000 € gehiago bideratuko dira, hainbat deialditan, euskarazko hedabideetarako. %38ko igoera, denera. 2016an, beraz, inoiz baino diru-laguntza gehiago bideratuko dira

Gipuzkoako euskara hutsezko komunikabideetara. Igoerak deialdi guztietan gertatuko dira (telebistak, irratiak, paperezko argitalpenak eta IKTak), eta azpimarratzekoa da eskualdeko hedabideen sustapenerako sortutako deialdi berria, 100.000 €koa.

Eusko Jaurlaritzak banatzen ditu diru laguntzetan ez da horrelako joerarik gertatu. Laguntza garrantzitsuenak dira hauexek sektorearentzat. 2016an, hiru urteko diru laguntza deialdia kaleratuko du HPSk, aurreko urteetako kopuru berdinarekin:

4.900.000 €. Hiru urterako diru laguntza deialdi honi begira, esan behar da Hekimenek egindako hainbat gomendio ontzat hartu dituela HPSk, besteak beste kontsumitzailea produktua jaso ahal izateko egiteko prest dagoen ahalegina baloratzea (harpidetzak eta abar), eta maiztasuna kontuan hartzea. Hiru urterako diru laguntza deialdiak erraztasunak eman diezazkieke enpresei, urtero aurrekontu berria aurkeztu behar izan gabe, baina ez du proiektu berrietarako tokirik uzten, eta hori sektorearen garapenerako traba izan daiteke. Ez dira kontuan hartu, halaber, Hekimenek egindako beste gomendio batzuk, esaterako HPSk egindako inkestaren datuetan irakurle kopuru totalak hartzea, edo irismena ez ezik beste aldagai batzuk ere hartzea.

Lehen ere Hekimenek esan izan duen moduan, datozen hiru urteetan diru-poltsa berdina egotea eta irizpide nagusiak eztabaidatu gabe hiru urteko deialdia egitea ez da sektoreak behar duena, ez delako nahikoa berme berau hauspotzeko eta egonkortzeko.

Aurrera begira, uste dugu sektoreak hartu duen elkarlanaren dinamikak lagunduko duela proiektu berriak irudikatzen, kudeaketa eta banaketan aurrerapausoak ematen, eta proiekzio soziala ere areagotzen. Baina horrekin batera, administrazioek epe luzerako begirada jarri behar dute euskal hedabideetan.

Krisiaren atzaparkadak nozitzen dituzte gure gizartearen sektore askok. Ulertzen dugu, eta konpartitzen, politika sozialak lehenesten dituzten jarrerak, nola ez. Gizartearen beharretatik gertu daude euskal hedabideak. Hainbat injustiziaren bozgorailuak izan gara, eta jarraituko dugu izaten. Baina diskurtso eta adierazpen guztietan onartzen baldin bada hedabideak hizkuntzaren normalizaziorako ezinbesteko tresnak direla, zergatik ez da planteatzen epe ertainari begirako finantzazio iraunkor samar bat, progresiboa, errealista eta eraginkorra? Zergatik ez bide berriak esploratu egiten dugun lana hobeto egin dezagun?

Normala ote da oraindik Eusko Jaurlaritzak euskal hedabideetan egiten duen publizitate instituzionala %3 baino ez izatea? Normala ote da kanpaina publiko nagusiek euskal hedabideetako kontsumitzaileak ahaztea? GFAk berak iragarri du aurten jaitsi egingo duela euskal hedabideetan egiten duen publizitatea. Gure kezka agertu genien komunikazio eta euskara arduradunei, eta konpromisoa hartu dugu gaia landu eta oinarrien inguruan adostasunak topatzen ahalegintzeko. Batzar Nagusi hauetan 2010ean gutxieneko kopuruak onartu ziren euskarazko hedabideetan publizitate instituzionala egiteko, eta betetzen ari dira, baina iruditzen zaigu begirada zabalagoa eduki behar dela, gaia bere osotasunean aztertu beharra dagoela.Horretarako konpromisoa daukagu.

Nolanahi ere, abiatzeko zertzelada batzuk:

 Gipuzkoar gehienak (%55) bailaretan bizi dira, nahiko era proportzionatuan gainera.

 Interneten sarbidea handia dago eskualde guztietan eta adin tarte gehienetan.

 Biztanleriaren erdia euskalduna da Gipuzkoan.

 Hedabide digitalen kontsumoa osotara %52 hazi bada ere, mugikorretatik egiten dena bost aldiz handitu da, kontsumo osoaren %10 izatetik ia-ia %35 izatera pasatuz.

Horri gehitu behar zaio administrazioak euskaraz iritsi nahi baldin badu gipuzkoar euskaldunengana mezu publiko eraginkorren bidez, euskal hedabideak direla horretarako tresnarik egokienak gure ustez. Itzulitako publizitatea egiten da, maiz, erdal hedabideetan, agentziek erdaraz funtzionatzen baitute nagusiki. Publizitate horrek galdu egiten du indar komunikatiboa, aditu guztiek onartzen duten konstatazioa da. Garrantzitsua da Administrazioek publizitatea euskarazko hedabideetan ez ikustea laguntza moduan, inbertsio ekonomiko eta sozial bezala baizik, baina euskarazko hedabideak eta euskal komunikazioa bera prestigiatzeko modua ere izan daiteke publizitatea, mezu argia zuzenduz: euskara tresna komunikatibo eraginkorra da, iristen da, eta balio du mezu publikoak zabaltzeko.

Beraz, egiten diren publizitate kanpaina guztietan egon behar dute euskal hedabideek, euskal hedabideek bakarrik bermatzen dutelako euskaraz egiten den publizitatea benetan irakurri eta iritsiko dela hartzailearengana. Horrek eskatzen du euskaraz sortzen duten agentziekin eta bitartekariekin (sortzaileak eta abar) lan egitea. Kontuan hartu behar da, gainera, publizitate kanpaina guztiak euskal hedabideetan eginda, kanpainaren irismena askoz gehiago handitzen dela erdarazko bi mediotan eginda baino, CIESeko datuek, audientzia bikoizketari dagokionez, liderrak ez diren erdal hedabideetako kasuetan frogatzen duten bezala (Cies-en arabera Diario Vasco eta Noticiasen artean %60koa, Gara eta Diario Vascoren artean %21ekoa, Berria eta Gararen artean %41ekoa).

Iazko martxoan batzar nagusi hauetan etorri ginenean, esan genuen gogoeta zabala egin behar genuela hedabideon eta administrazioen artean. “Hekimenek beti defenditu du” esan genuen orduan “gogoeta zabalagoa behar duela laguntza politikak, eta laguntzek egun hedabideen sektoreak dauzkan kostuen portzentaje adostu bat estaltzera jo beharko luketela. Egiturari begira, alegia. Ondoren, eragin soziala eta dinamismoak neurtzeko beste aldagai batzuk zehaztu eta ponderatu beharko lirateke, esaterako irismena, berrikuntza, kalitatea edo errentagarritasun soziala, euskal hedabideen lehiakortasun eta eraginkortasunaren adierazle gisa. Horrek beste ahalegin bat eskatzen du, ahalegin ekonomikoa ere bai”.

Kontzertazioa da borrokatu nahi dugun eremua. Kontzertazioa, edo arautze bat. Epe ertaineko begirada adostu bat. Horrek aitortza eta bermea ekarriko duelako sektorearentzat.

EITBk bere legea dauka, eta inork ez du zalantzan jartzen, gaur egun, ezinbesteko tresna izan daitekeela herri honen komunikazio esparruan. Baina, zergatik ez hartu aintzat euskal hedabideen sektore osoa, publikoa zein herri ekimenekoa? Bitxia baita: testu eta aipamen guztietan azpimarratzen da hedabideen ezinbestekotasuna hizkuntzaren normalizaziorako, baina ezinbesteko tresna horrek ez dauka beste esparru batzuek duten babes instituzionala ziurtatua.

Administrazioan, betebehar eta hizkuntz profilak zehaztuta daude, edo eztabaida politikoaren erdian daude; euskarazko irakaskuntza aratua eta ondo ziurtatuta dago; hedabideek ordea, edozein hizkuntza normalizazio prozesuan hirugarren oinarritzat hartu izan den hedabideen esparruak, zer berme dute, zein arau, zein oinarri legalik?

EITBk bakarrik telebistan eta irratien eremuan proposatzen du eskaintza komunikatiboa euskaraz. Zergatik ez hartu euskal hedabideen esparruan arlo publikoa eta herri ekimeneko arloa, batera, bakoitzak bere ezaugarriekin, bere zereginekin, baina esparru oso bat gisa? Eta, ondorioz, zergatik ez eskaini euskal hedabide idatzi eta tokikokei esparru legal bat beren garapenerako, eta beren lan baldintzak duintzeko?

Hitzarmen bat? Kontzertazio bat? Lege bat? Iruditzen zaigu egoerak eta garaiak eskatzen duten eztabaida dela, eta gu prest gaude mahai gainean jartzeko.

Eskerrik asko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide