Nolako lurraldea nahi dugu 20 urte barru? Hori da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak EAE guztian egingo dituen bileretan planteatzen duen galdera. Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak –LAG– aztertzeko tailer partizipatiboak egingo dituzte eta Urola Kostakoa ekainaren 20an egingo dute.
LAG-aren bitartez azpiegiturak eta jarduera ekonomikoak nola garatuko diren definitu eta eremu urbanoen eta landa-eremuen arteko oreka eta natur-guneen babesa sustatuko dituzte. Paisaia, ingurune fisikoa, azpiegitura berdea, landa-eremua, eremu urbanoa, mugikortasun jasangarria, ura, energia eta gobernantza dira landuko dituzten gaiak.
Indarrean dauden gidalerroak berrikusteko prozesuak hiru urte iraungo duela aurreikusten dute. Prozesu horren hasieran hamasei tailer egingo dituzte EAE osoan, horien artean Zarauzkoa. Ekainaren 20an izango da tailerra, Sanz Enea kultur etxean, 18:00etatik aurrera.
Tailerrera joan ezin dutenek internet bidez parte hartzeko aukera izango dute, Irekia webgunean. Webgune horretan LAG-ak berrikusi eta testuari ekarpenak egin ahal izango zaizkio.