Orioko bisigua eta Aiako gazta, Kosta Gastronomikan

Karkara 2016ko eka. 16a, 09:00

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Kosta Gastronomika ekimena aurkeztu zuten Getariako Elkano Txakolindegian. Eskualdeko herri bakotizeko produktu bereizgarriekin osatutako erakusleihoa da. Aiako gaztak eta Orioko bisiguak ere badute tokia ekimenean.

Herri bakoitzeko bereizgarri gastronomikoak hartu eta guztiak eltze berean sartu dituzte: Aiako gazta, Getariako txakolina, Orioko bisigua, Zumaiako Flyscheko olagarroa eta Zarautzeko eskualdeko baserritarrak. Lapikoan eskualdeko produktuak bilduko dira, eta horiekin esperientziak bizitzeko aukera herritarren eskura jarri du Urola Kostako Udal Elkarteak.

Eskualdeko biztanleek nahiz bisitan datozenek bertako produktuak ezagutzeko eta balioan jartzeko helburua du Kosta Gastronomika ekimenak. Lehen esperientzia ostiralean, hilaren 17an, egingo dute, Orion. 

Orion bisigua prestatzen ikusteko eta dastatzeko aukera izango da. Ekainean, uztailan eta abuztuan egingo dute hori, Katxiñan, Joxemarin eta Xixarion, txandaka. Eguerdian izango da esperientzia hori bizitzeko aukera, 13:00etatik 14:00etara. Helduek 25 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek 15 euro.

Orion bisigua eta Aian gazta. Herriko hainbat baserritan gazteaegiten denez, herriko ekoizle horiekin hartu-emana izateko aukera eskainiko dute.

Orion eta Aian esperientziak bizitzeko aukeraz gain, Getarian, Zumaian eta Zarautzen ere izango da gastronomiarekin hartu-emana izateko aukera. Getarian txakolinaren ibilbidea egingo da, hileko lehen eta hirugarren igandeetan, ekainaren 19tik irailaren 18a bitarte. 11:00etan hasiko dira ibilbideak eta prezioak Orioko berdinak izango dira: helduentzat 25 euro eta haurrentzat 15 euro.

Zumaian flychean olagarroa nola harrapatzen duten ezagutu ahal izango da eta, ondoren, bertako olagarroa jateko aukera ere izango da. Egun askotan bizi ahal izango da esperientzia: ekainaren 18an; uztailaren 9an eta 23an; abuztuaren 6an, 13an, 20an eta 27an; eta, irailaren 10ean eta 24ean. 11:30etatik 13:30tara izango da txangoa. Helduek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek 10 euro.

Zarautzen eskualdeko baserritarren produktuak salmentan jartzen dituzten azoka ezagutzeko aukera izango da. Astelehenetik larunbatera 08:00etik 13:15era eta 17:00etatik 20:15era irekita dago, eta herritarrek eskualdeko produktuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.

Esperientziaren batean parte hartu nahi dutenek, tokian tokiko turismo bulegoetan eman beharko dute izena.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide