Mikel Irizar: "Jendea euskarara ekarri baino gehiago, euskara eraman behar dugu jendearengana”

Puntua, Goiena 2016ko eka. 15a, 08:33

Tokiko euskarazko komunikabideen sorkuntzan eta sustapenean bide luzea du egina Mikel Irizarrek. Ia urtebete egin du Diputazioan, eta, kargu publikoetan espezialista ez dela aitortu arren, orain arteko lanarekingustura dago. Euskararen herria sortzeko sekulako aukera dagoela uste du.

Erretiratu eta bizitza patxadatsuaz gozatu beharrean, euskararen alde lanean jarraitzeko hautua egin zuen iaz uztailean Mikel Irizarrek –Ormaiztegi, 1954–, ilusioak eraginda. Gipuzkoako Foru Aldundian Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari izateko eskaintza horren ilusionagarria izanik, erronkari heldu eta 2015etik 2019rako plan estrategikoaren lehen urratsak ematen ari dira orain. Euskalgintzak bizi duen gogoeta uneaz eta horren gertutik ezagutzen dituen tokiko euskarazko komunikabideez egin du berba, besteak beste, PUNTUArekin, luze eta zabal.

Gogoeta asko dabil azkenaldian Euskalgintzan: Topagunearen Berrikasi Berrikusi dokumentua, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren Eta hemendik aurrera zer?, Gipuzkoako Foru Aldundia bera... Zer du bakoitzak besteak ez duena?

Topagunearen dokumentua han eta hemen aurkeztu da, eta esango nuke eragin dezentea izan duela, bertan proposatu genituen ideia batzuk oso hedatuta daude egun. Jaurlaritzarena mugarri bat da, hizkuntza politikari dagozkion kontzeptuak eta ikuspegia birformulatu egin ditu parte hartze eta adostasun handiarekin. Aldundian Euskalgintza eraldatzeko palanka bila gabiltza, eta badira gogoeta gehiago ere. Euskararen biziberritze prozesua, bidea egin ahala, bidegurutze batera iritsi da, eta oso aktibo gaude aurrerabidearen bila. Momentu itxaropentsua da, ilusionagarria. Hori bai, komeni da ekimenak ordenatzea eta elkar aintzat hartzea, ez gaitezen hasi toki bakoitzean gurpila asmatzen.

Diputazioaren gogoetan 50 bat euskaltzalek hartu dute parte. Zeintzuk dira ondorioak? Prozesuak gogobete ditu parte hartzaileak?

eskaini digu eta ahalegin benetakoa egin dute berrikuntza palankak bilatzeko, asko eskertzen diet egindako lana. Orain ondorioak jasoko ditugu, gure irakurketa egin, berriro haiekin kontrastatu eta ondoren Aldundiaren politiketan txertatu.

Gogobetetzeari dagokionez, galdeketa bidean da, baina gu oso pozik geratu gara prozesuarekin eta bertan entzun ditugun ahotsek ere estimatu dute metodologia berritzailea.

Zer egin daiteke diferente eraginkorragoak izateko? Gogoetetatik ateratako zein ikasgai nabarmenduko zenuke?

Azken emaitzen zain, gogoetan zehar asko aipatu da Euskalgintzak duen ireki beharra. Barrura begirako inertzia handia da, baina, bitartean, gizartearen gehiengoa bere bidean doa eta hor euskara bizi indarra galtzen ari da. Jendea euskarara ekarri baino gehiago, euskara eraman behar dugu jendea dagoen esparruetara, aliantza berriak eraiki behar dira gizarteko eragile eta dinamika ezberdinekin, euskarak toki handiagoa har dezan, ikusgarriago izan dadin. Hori, behintzat, argi geratu da.

Uemarekin bereziki tematua ikusten da Diputazioa, baina ez da berbera gertatzen gainontzeko erakunde nagusiekin...

Gipuzkoan alternantzia politikoa izan dugu azken bi hauteskundeetan. Eta aurreko legealdian Ueman sartu ziren hainbat udaletan kolore aldaketa gertatu da. Nire ahalegina da apustu hori egonkortzea eta udalak Uema eroso sentitzea, edozein koloretakoak direla ere. Udalen mailan egon den akordio giroan txertatu nahi nuke Uema bera ere. Oso garrantzitsua da udaletan euskara sustatzea –lege berriak eginkizun hori jartzen die– eta Uemak badu horretan 25 urteko eskarmentua. Uste dut Gipuzkoan egin daitezkeela urratsak konfiantza areagotzeko, eta gero beste lurraldeetara zabaldu.

Eudel izango da euskarari bultzada emateko tresna berria. Hautatu berri den zuzendaritza taldean EAJ, PSE-EE eta EH Bildu daude. Zertan lagunduko du tresna berri horrek, zehazki?

Akordio hau oso garrantzitsua izan da Euskal Autonomia Erkidegorako, Eudel normalizatzen duelako eta euskararen konpromisoa indartzen dutelako. Horrez gain, nafar udalen federazioan ere indar euskaltzaleak dira nagusi eta Iparraldean udal elkargoa abiatuko da urte hasieran. Sekulako aukera  daukagu udalgintzatik euskararen herria sortzeko, elkargo hauen artean sareak eta lankidetza eraikita. Urrats handiak egin daitezke norabide horretan denbora tarte laburrean.

Publizitatean diru gutxiago duzue. Euskarazko hedabideendako ere gutxiago, beraz. Nolatan?

Betiko publizitatearen eraginaz zalantzak daude, eta, oro har, gastua jaisten ari da. Aldundian lehentasuna eman zaio herritarrekin zuzeneko harremanari, eta, kanpainetan baino gehiago, dirua gastatuko da parte hartze dinamiketan. Publizitatean euskarazkoen partea mantendu egingo da, baina, poltsa txikiagoa izanda, kopurua jaitsi egingo zaie, bai. Hala ere, euskarazko hedabideen diru laguntzetan diru gehiago jarri dugu. Beraz, denera, iaz baino gehiago jasoko dute Aldunditik. Marka litzateke euskarazko hedabideekin dudan inplikazioa izanda, haien kaltetan jardutea!

Zelan ikusten dituzu euskal hedabideak, kontuan izanik lehen haietan zeniharduela eta orain Aldundian?

Hedabideak bidegurutzean daude mundu osoan, eta baita gureak ere. Informazioa eta aisialdia kontsumitzeko ohiturak erabat aldatzen ari dira eta hedabideak horretara moldatu behar dira. Euskal hedabideetan badago kezka, eta horregatik sortu ziren Tokikom eta Hekimen, lankidetza esparruak indartzeko. Sinetsita nago lankidetza hori dela gakoa gure hedabideentzat, ez bakarrik irauteko, baizik eta beste hizkuntzetakoen aurrean nagusitzeko. Arriskuak aukera bihurtu behar dira, auzolanean indarra biderkatuta. Eta hori berdin ikusten da sektorean egon edo Aldundian. 

Euskarazko komunikabideen azken 30 urteetako bilakaera gertutik jarraitu duzu; protagonista izatea ere tokatu zaizu, neurri handi baten. Zer nabarmenduko zenuke bilakaera horretan?

Ni tokikoetan aritu naiz, bereziki, eta hauen historian badago lorpen bat nabarmentzeko: euskaraz jardunda irabaz daiteke. 1990eko hamarkadan euskarazko komunikabideak erabat nagusitu ziren tokiko informazioan, berritzaileenak eta errotuenak zirelako. Eta berriro ere irabaz dezakete lehia, berritzaileenak eta errotuenak izanda. Hori bai, irekitasun ariketa handiak egin beharko dituzte herritar guztiengana iristeko, molde berrietara egokitzeko eta lankidetzan jarduteko.

Euskarazko hedabideak, eta tokikoak, bereziki, ondo moldatu dira teknologiaren eta joera berrien azken uholdera?

Ez daude atzean, baina joan daitezke aurrerago. Internetekoa jarri behar dute erdigunean, hausnartu paperaren funtzioaz, birpentsatu telebista eskaintza (EITB barne), herritarrak bihurtu informazio iturri eta protagonista, auzolanerako prestutasuna garatu... Euskarazko hedabideetan badira 1.000 langile inguru, eta guztiak antolatzen baditugu molde berrietan gutaz eta gure hizkuntzan jarduteko, ez dago munduan horrekin lehiatu lezakeen komunikazio talderik. Aldi berean, bada kontu osagarri bat, hau ere funtsezkoa. Ikus-entzunezkoen kontsumoa gero eta handiagoa da gazteen artean eta batez ere Internet bidez gauzatzen da. Hor lehiatzeko aukera eman behar zaie gazteei edukien sortzaile bihurtzeko; eta aldi berean sustatu behar da hori euskaraz egitea eta euskal kanalen bidez banatzea. Esparru honetan ere burujabetza maila bat beharrezkoa dugu.

Sare sozialen indarraren eta Interneten aukera berrien aurrean, ohiko hedabideen, tokikoak barne, eragin-ahalmena txikitu egin al da? Nola egin aurre erronka horri? Eta hori guztia aintzat hartuta, badute etorkizunik tokiko hedabideek?

Esango nuke euskarazko hedabide guztiak direla, nolabait, tokikoak, gure gaiak euskaraz jorratzen dituzten neurriak ditugu ezinbesteko. Gutaz eta euskaraz jardutea oso eginkizun garrantzitsua da, inor ez zaigu kanpotik etorriko hori egitera. Horregatik, euskal hedabideak indartzeko komunitatearekin uztartu behar dira, eta gizartean errotu, garapen komunitariorako tresna bihurtu, funtzio sozial argia bete behar dute. Euskal Herriaren oinarrian euskararen herria garatu nahi dugunok helburu hau jarri behar dugu beste guztien gainetik eta sustatu hiztun komunitate ireki bat, hiritar kontziente eta aktiboz osatua, munduan sendo kokatuko dena bere nortasuna erakutsiz. Eta lan horretan funtsezkoa da komunikazioa, gure interes komunak sendotzeko eta komunitate sentimendua indartzeko. Beraz, norabide bakarreko hedabide izateari utzi eta bi norabidetan joan-etorrian ariko diren komunikabideak behar ditugu, herritarrak abiapuntu eta helmuga izango dituen komunikazio sare sozial trinkoa. Ametsa dirudi, baina eskura daukagu, egin liteke.

Arlo pertsonalari dagokionez... txakolina ekoiztuko duzue aurten ere Elorrioko Esteñibar baserrian? Aldundiko gorbata nekazari arropengatik aldatzen jarraituko duzu?

Urtero moduan, mahatsak izango ditugu, bai. Horretarako, Diputazioan %80 eman beharko dut eta beste %80 mahastietan. %160ra ibili behar, beraz... [Barreak] Baina bai, San Migel edo Maritxu Kajoiren bueltan izango dugu uzta eguna. Arropa aldaketa? Kargu publiko baten ez naiz sekula espezialista izan eta oraindik ere ez naiz horrela sentitzen. Leku askotan eta askotarikoetan ibili izan naiz eta ez zait askorik kostatzen batetik bestera aldatzea. Esango uke espezialista naizela lan batetik besterako trantsizioetan.

Erretiroaz gozatzeko aukera izanda, nolatan ordu asko eskatzen dituen politika zereginetan sartu?

Ilusioak eraginda. Ez dago beste sekreturik. Ondo bizitzeko erabateko patxada nuen, ekonomikoki ere bizitza eginda nuen erabat –kalkulatu dudanez, Donostiarako joan-etorriekin parra egiten dut, gutxi gorabehera– eta karrera politiko bat abiatzeko berandutxo da honezkero... Kontua da egin zidaten eskaintza oso ilusionagarria izan zela eta ezin izan nuela ezezkorik eman. Zorionez, ez dut ilusionatzeko gaitasunik galdu oraindik.

Musikazalea ere bazara, musika kritikaria ere izandakoa Arrasate Press-en. Zaletasun horrek bere horretan jarraitzen al du? Eguneko 24 orduek ematen dizute musikaz ere gozatzeko?

Zaletasunak hor jarraitzen du, bai. Ez dut musika lehen adina entzuten. Interesatzen zaizkidan musika ildoak jarraitzen ditut; domeka goizetako nire erritualetako bat izaten da nahiko goiz esnatu eta egunkari artean pare bat orduz musika entzuten egotea. Zuzenekoetara ere gutxiago joaten naiz, baina uztailean Elorrion egiten den Musikaire jaialdiko emanaldia gorriz daukat markatuta egutegian. Emanaldi guztietara joaten naiz, normalean. Esan daiteke, hein handi baten, musika jaialdi horrekin urte osorako zuzeneko emanaldien kupoa betetzen dudala.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide