2016an konpostaren datuak hobetzea da Urola Kostako Udal Elkartearen helburuetako bat. Eta, horretarako, hainbat ekimen jarri dituzte martxan. Besteak beste, jarraipena egin diete autokonpostagailua jarri duten familiei, auzokonposta guneetara bisitak egin dituzte hilero eta ikastetxeetan konposta egiteko programa jarri dute martxan.
Bide horretatik, urrats bat gehiago eman nahi dute. Aiarrek eta oritoarrek konposta egiteko deialdia egingo dute, konposta nola etxean, hala auzoan. Baratza, lorategi edo berdegune bat besterik ez dela behar diote programaren antolatzaileek. Interesatuei dei egiten diete izena emateko.
Izena emateko Urola Kostako Udal Elkartearekin jarri behar da harremanetan. Telefonoz egin daiteke 943 89 08 08 telefonora deituta, emailez harrera@urolakosta.eus helbidera mezu elektronikoa bidalita edo Udal Elkartearen egoitzara bertaratuta.
Izena ematen dutenek prestakuntza jasoko dute, konpostagailua muntatzeko eta erabiltzen ikasteko laguntza izango dute. Konpostagailua utziko zaie eta etengabeko laguntza zerbitzua izango dute.
Une honetan eskualdean 763 familia ari dira etxeko hondakin organikoarekin konposta egiten. Kopuru hori handitu egin nahi du komunitateak eta horregatik jarri du martxan laguntza programa hau.