Oria behea, guztiz saneatua egotetik gertuago

Noaua 2016ko mai. 5a, 08:22

Argazkia: Noaua

Denbora beharko da, baina pixkanaka Zubieta, Usurbil eta Aginaga zeharkatzen duen errioaren egoerak hobera nola egiten duen ikusteko moduan izango gara. 

Ia bi hilabete badira jada, udalerri honetako ur zikin gehienak, ez guztiak, erriora isurtzeari utzi genionetik. Orain arte, sortzen genituen ur zikinok Orian amaitzen baitzuten. Aipatu moduan ordea, errealitatea aldatu da, hobera noski, duela urte askotatik landuta zegoen proiektua gauzatu baita neurri handi batean. Ur zikinak saneatzeko azpiegitura sarea martxan da. Egun, Usurbil inguruan sortzen ditugun ur zikin gehienak, eraiki eta martxan den kolektoreari esker, Loiolako araztegira doaz. Han tratatu ostean, gero itsasoratzeko.

Urte luzeetako lanak amaitu berritan, ostiral honetan egin da inaugurazio ekitaldia, Zubietako hondakinen ponpalekuan. Erakunde ezberdinetako ordezkariak bildu ditu hitzorduak; tartean Usurbilgo Udaleko eta Zubietako Herri Batzarreko ordezkaritza bat. Baita Añarbe Mankomunitateko, Ingurumen Ministerioko Kantauriko Konfederazio Hidrografikoko kideak edota Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria ere  gerturatu da Zubietara. Kolektoreak garraiaturiko Usurbil eta Lasarte-Oriako ur zikinak Hipodromo ondoan dagoen eraikin honetan biltzen dira. Hortik, Hernaniko Florida auzoko Urumeako Kolektorera doaz, eta handik Loiolako araztegira doaz ur zikinak. “Saneamendu-sistema berria 16 kilometroko luzeera duten kolektoreek, lau ponpalekuk eta bost ekaitz-tangek osatzen dute”, berri eman dute.

Usurbilgo ur zikinak Oriatik desbideratzeko hiru ponpaleku jarri dira; lehenengoa Osinalde industriagunean, bertara Santuenean auzoko urak eta hiriguneko kolektore unitariokoak iristen dira; ur horiek guztiak Osinaldeko ponpalekuan biltzen dira. Honek Atallu industriagunera garraiatzen ditu eta hemendik, Ugaldea industriaguneko urekin batera, Atalluko ponpalekura iristen dira. Atalluko ponpalekuak Txikierdirantz ponpatzen ditu urak-bertara Michelin enpresako isurketak iristen dira- eta ondoren, ibaiaren ezkerraldetik, Hipodromoko zubi ondoko Zubietako ponpalekuraino iristen dira. Zubietako ponpalekuak segundu bakoitzeko 500 litroko emaria bultzatzeko gaitasuna duten bi ponpa ditu.

Aipatu dugun moduan, ur zikin gehienak jada Oriatik desbideratu diren arren, zenbait eremuetan oraindik ez da desbideratze hori eman. Aginaga eta Txokoalde inguruan esaterako, baita Zubietan ere. Zubietako ur zikinak saneamendu sarearekin bat egiteko lanak esleitu ditu Añarbeko Mankomunitateak. 340.000 euroko aurrekontua dute lanok. Hondakin-uren ponpaleku berri bat (Aizpuruan) eta dagokion bultzada-ubidea egingo dira, enklabeko hondakin-urak goi-saneamenduko sistema berri honekin lotzeko. Obren gauzatze-epea hiru hilabete eta erdikoa da, berri eman dute.

Datuak

Kolektorearen luzeera: 16 kilometro.
Bidean, 4 ponpaleku eta bost ekaitz-tanga.
Lanen eremua: Oriako bi ertzeetan, Usurbilen, Zubietan eta Lasarte-Orian; edota Hernaniko Sorgintxulo, Antziola eta Florida auzoetan.
Lanen inbertsioa: 29.041.637 euro.
Lanok finantzatu dituena: Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa.
Lanak gauzatu dituena: Dragados S.A. eta Construcciones Moya S.L. enpresek osaturiko aldi baterako enpresen batasuna.
Proiektuaren idazketa eta lurzoruaren kudeaketa: Añarbeko Mankomunitatea.
Lanen hasiera: 2009ko azaroaren 20an.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide