Berrikuntza ekologikoa, esparruko enpresetan

Karkara 2016ko mai. 13a, 07:32

Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko nekazaritza eta elikadura sektoreko enpresa eta eragileentzat jardunaldia antolatu du maiatzaren 17an.

Urola Kostako Udal Elkarteak jardunaldia antolatu du eskualdeko enpresentzat eta interesa duten eragileentzat, Ekoizpen eta marketing ekologikoa, nekazaritza eta elikadura sektorean izenburupean. 

Jardunaldia maiatzaren 17an izango da eta 2 ordu eta erdiko iraupena izango du, 9:15ean hasi eta 11:45ean bukatuko da. Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan izango da ikastaroa, Urdaneta bideko seigarrenean, Zarautzen.

Ekoizpen eta marketing ekologikoaz arituko dira jardunaldian, izenburuak dioen moduan. Ekoizpen ekologikoa landuko dute lehendabizi, teoria azaldu ondoren kasu praktiko bat landuko dute; berrikuntza ekologikoaz arituko dira gero eta marketing berdeaz ondoren. Gai bakoitzaren dinamika berdina izango da, lehendabizi teoria eta gero praktika. 

EPDez ere arituko dira, produktuaren ingurumen-adierazpena da hori. Ingurumen aztarnaren gainean ere jardungo dira eta Frantziako merkatu ekologikoa ere aztertuko dute. Eko etiketak, labelak eta kontsumidore ekologikoaren profila ere ikertuko dituzte.

Jardunaldiko gidaria, hizlaria, IK ingeniaria izango da. Parte hartu nahi duenak aurrez izena eman beharko du enpresa@urolakosta.eus helbidera mezua idatzita. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzari esker antolatu dute jardunaldia.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide