Larunbatean, 23:00ak inguruan, Goierriko Zazpi Orduetan, Idoia Etxeberriak 117 kiloko harria esku bakarrarekin jasotzea lortu zuen. Lehen saiakeran huts egin zuen arren, ondoren ondo kontzentratu eta helburua betetzea lortu zuen. Kosta egin zitzaidan, baina behin kontzentratuta, zertara joan nintzen argi izanda, lortu nuen lana egitea, azaldu zuen Etxeberriak biharamunean, Hiru Erregeen Maila irratsaioan.
Lehen saiakeran, sorbalda berdintzerakoan, zailtasunak izan zituen oriotarrak. Dantza pittin bat ibili genuen. Baina ondoren, txalekoa lehortu zioten, eta sorbalda ondo zuela lortu zuen harria jasotzea. Gustura amaitu nuen.
Hasiera batean 105 kilokoa zen Etxeberriak jaso zuen harria. Baina, azkenean, 12 kilo gehitu zizkion harriari. 117 kilo jaso zituen. Esku batekin hasiberria zelako jarri zuen 105 kiloko langa. Baina, gero, ondo zebilela ikusita eta gai zela ikusita, langa hori handitu zuen. Esku bakarrarekin ere gustura dabilela aitortu du oriotarrak.
Errekor guztietan gogoan izaten du alboan eduki zuen laguna. Oraingoan ere asko eskertu du Joxerramon Unanuek erakutsitakoa.