Kaleko edukiontzien bidez jasotzen ditugun ontzi arin eta paper kartoiaren kopurua Gipuzkoako eta Euskadiko bataz bestekoaren gainetik dago. 2015ean, bataz beste, 22 kilo ontzi arin eta 52 kilo paper eta kartoi jaso dira. Urtez urte ontzi arinen eta paperaren birziklapen tasak gora egin arren, bada zer hobetu. Eta Urola Kostako Udal Elkarteak, Ecoembesen bidez lortutako diru laguntza horretara bideratuko du.
Batetik, errefusara ontzi arinak eta papera eta kartoia ez botatzea du helburu kanpainak. 2012an Foru Aldundiak egindako azterketa baten arabera, errefusara botatzen ditugun hondakinen %31 ontzi arinak dira eta %9 papera eta kartoia. Bestetik, edukiontzi horira botatzen ditugun hondakin batzuk ez dira edukiontzi horretara bota behar. 2015eko datuek hori diote. Edukiontzi horian jasotako hondakinen %19a ez zegokion ontzi horri.
Egoera horri buelta eman nahi dio Urola Kostako Udal Elkarteak. Komunikazio kanpaina bat garatu dute horretarako. Edukiontzietan itsasgarriak jarri dituzte, herritarrak hondakinak ondo bereiztearen garrantziaz jabetzeko eta bereizketa egiten laguntzeko. Bestetik, zalantzak argitzeko zerbitzua eskain hasi dira webgune honen bitartez.