Eskuko hiztegi bat publikatu du Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko udaletako turismo bulegoekin eta euskara zerbitzuekin batera. Hiztegia zazpi hizkuntzatan dago, eskualdera etortzen diren bisitariei banatzeko.
Hiztegiarekin gurea euskararen herria dela erakutsi nahi da, izan ere, Urola Kostara etortzen diren bisitariek interesa erakusten dute euskararekiko, eta interes horri erantzuteko prestatu da hiztegia. Oinarrizko hitzak jasotzen ditu hiztegi horrek, euskaraz eta beste sei hizkuntzetan: katalana, gaztelania, galegoa, ingelesa, frantzesa eta alemana. Hitz horiek multzoka sailkatuak daude, dagozkien arloaren arabera: garraioa, ostatuan eta jatetxean erabiltzeko hitzak, janari eta edariak, lekuak... Alor horiek bisitariek dituzten gainontzeko interesei lotuta daude: kultura, gastronomia, natura...
Aste Santuetako oporren boladan hasi ziren hiztegiak banatzen. Guztira 20.000 ale inprimatu dituzte eta turismo bulegoetan egongo dira eskuragai. Orion, turismo bulegoan banatzeaz gain, udal kanpinean ere jarriko da bisitarien esku. Udaletxean eta kultur etxean ere izango dira ale batzuk. Aian ere kultur etxean egongo dira hainbat ale.
Bisitariak euskarara gerturatzeko
Hiztegia egitearen helburuetako bat bisitariak euskarara gerturatzea izan da. Horren erakusle da sarrerako testua:
Ongi etorri!
Euskal Herrira etorri zara, gure bazterrak ezagutzera.
Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian denetarik duzu, egun eder batzuk pasatzeko. Ikusteko, bailarak, mendi eta basoak, hondartzak, itsasoa... Dastatzeko, bertako produktuak, gastronomia... Gu ezagutzeko, ohiturak, kirolak, kultura...
Eta, hiztegi txiki honetan, gure altxorretako bat, euskara.
Historiaurretik mendez mende, belaunaldiz belaunaldi, XXI. menderainoko bidea egin duen hizkuntza da geurea. Gure herrietan bizi-bizi entzun eta ikusiko duzu.
Hartu gure altxorra esku artean eta erabili!
Orain, hori nahi dute hiztegiaren lanketan buru-belarri aritu direnek, bisitariek erabiltzea. Aste Santuetan dagoeneko erabili dute, eta udaran ere erabiltzea espero dute, udaberritik aurrera izaten baita turista gehien Urola Kostan.
Hiztegiaren PDFa ere deskargatu daiteke: