Izeta II.ak irabazi du Bi Harri Txapelketa

Karkara 2016ko mar. 31a, 07:51

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Sei aiar eta oriotarrek hartu zuten parte Zarauzko Bi Harri Txapelketan. Horien artean dago irabazlea, Izeta II.a. Gainontzekoek ere lan txukuna egin zuten.

Asteburuan egin zen lehendabizikoz Zarauzko Bi Harri txapelketa. Hamazazpi harri-jasotzailek hartu zuten parte: Izeta II.a, Izeta IV.a, Jokin Eizmendi, Urra, Ostolaza II.a, Izaeta III.a, Kortaberri, Izeta I.a, Aimar Galarraga, Iagoba Otaegi, Erreuzta, Eiza, Sergio Mielgo eta Santxin. Horiek izan ziren antolatzaileek jarritako bi harri baldarrak –Moilarri 121 kilokoa eta Jai Txiki 117 kilokoa– jaso zituztenak.

Jai Txiki harri luzea dela azaldu zuen antolakuntzako kide batek, eta Moilarri harri motzagoa dela gaineratu zuen. Hortaz, jasotzeko era pittin bat desberdina dela zehaztu zuen. Jasoaldietan kilo gehien jaso zituenak irabazi zuen, Izeta II.ak, alegia. 25 jasoaldi egin zituen aiarrak, 12 aldiz jaso zuen Jai Txiki harria eta 13 aldiz Moilarri harria.

Bigarren Izeta IV.a zarauztarrak egin zuen. 22 jasoaldi egin zituen, 11 Jai Txiki harriarekin eta beste 11 Moilarri harriarekin. Hirugarren Eizmendi zarauztarra sailkatu zen, 21 jasoaldi eginda. 11 aldiz altxa zuen Jai Txiki harria eta 10 aldiz Moilarri harria.

Ostolaza II.ak, Orion bizi den sestoarrak, 18 jasoaldi egin zituen. Izaeta III.a aiarrak 17 jasoaldi, Kortaberrik 16 jasoaldi, Izeta I.ak 15 jasoaldi eta Aimar Galarraga oriotarrak 12 jasoaldi.

Harri-jasotzaileek hurrengo zita Aian daukate, Peru Harria txapelketa izango baita apirilaren 17an. 18:00etan hasiko da herri kirol festa eta sei harri-jasotzailek hartuko dute parte.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide