Eskualdeko gazte kualifikatuak eta eskualdeko enpresak harremanetan jartzea da Hazilan praktika-programaren xedea. Dagoeneko bi aldiz jarri da martxan langileak eta enpresak lotzen dituen ekimena, eta bi deialdien arrakasta ikusita, hirugarren edizioa egiteko beharra ikusi dute.
Enpresa-proiektuak dituzten enpresen bila ari dira orain Urola Kostako Udal Elkarteko kideak. Bien bitartean, eskualdeko gazte kualifikatuen taldea ikastaroa egiten ari da, eta gazte horien ikasketa eta esperientzia kontuan hartuta, garatu ditzaketen proiektuen zerrenda egin dute. Enpresaren batek proiektu horietakoren bat garatu nahi izanez gero, eskualdeko gazte baten laguntza edukiko du horretarako eta Udal Elkarteko aholkularitza espezializatua ere izango du.
Hauek dira gazteekin garatu ditzaketen proiektuak:
- Produktu berrien bideragarritasun plana
- Lehiakideen analisia
- Living lab, coworking edo Fab Lab
- Kostuen azterketa
- Gizarte erantzukizun korporatiboa
- Energia eraginkorreko analisia
- Komunikazioa 2.0
- Ekonomia eta finantzaketa analisia
- Marketing plana
- Fisioterapia zerbitzuak
- Administrazio kudeaketa
- Turismo-jarduerak
- Ingeniaritza jarduerak
- Enpresetan euskararen erabiliera sustatzeko plana
Proiektuak apiriletik ekainera garatu behar dira eta Udal Elkarteak izendatutako tutore-aditu baten laguntza izango dute. Gazte horiek Udal Elkartearen egoitzan egingo dute lan. Programa diruz lagunduta dago %100, hortaz, doakoa da eskualdeko enpresentzat.