Ideia berrien aterpe

Karkara 2016ko mar. 9a, 10:22

Enpresaguneko bi lokal alokairuan hartzeko deialdia egin du Urola Kostako Udal Elkarteak. Enpresa sortu berrientzat dira lokalak eta alokatzeko epea, gehienez, hiru urtekoa da. Eskabideak apirilaren 6a bitarte aurkeztu daitezke.

Enpresa sortu berriek merkatuan sartzeko dituzten zailtasunak errazte aldera, Urola Kostako Udal Elkarteak bi lokal jarri ditu alokairuan. Enpresagune enpresa hazitedi edo enpresa berrien gunean daude bi lokalak. Sustatzaile berriei merkatukoak baino baldintza hobeak eskaintzen dizkiete alokairuak martxan jarri eta sendotu arte. Gehienez hiru urte, denbora tarte horretan merkatuan tokia izatera iritsi baizaitezke.  

Lokal horien helburu nagusia da enpresa txikiak eratzeko egitasmo zehatzei edo sortu berri diren enpresei lantoki egokia eskaintzea da, batetik; eta, bestetik, enpresaren kudeaketaren arloan laguntza zerbitzua eskaintzea, lehiakortasun maila egokia lortu eta kostu finkoak murrizteko. 

Lokala erabiltzeaz gain zerbitzuak eskura izango dituzte. Bi zerbitzu, zehazki. Batetik, Enpresa Sustapeneko Zerbitzuko tutoreen laguntza, aholkularitza eta informazioa izango dute. Bestetik, Udal Elkarteak enpresa-kudeaketaren arloan antolatzen dituen jardunaldi, ikastaro eta mintegietan doan parte hartzeko aukera izango dute.

Bi lokalek 15,60 metro koadro dituzte. Beren sarrera propioa, postontzia eta komuna ere dituzte, eta, horrez gain, bilera gela eta ikasgela bat ere izango dute gainontzeko enpresekin elkarbanatzeko. Eta enpresaguneko sarreran lokala identifikatzeko errotulo bat ere izango dute. Erabilpen tasak lehen urtean 7.08 euro hilean metro karratuko, 9.25 euro bigarren urtean, 11.38 euro hirugarren urtean. Tasa horiek eguneratu egingo dira urtarrilean.

Interesa duenak apirilaren 6a baino lehen aurkeztu beharko du eskaera orria Urola Kostako Udal Elkartean, Urdaneta bideko seigarrenean, Zarautzen. Aurkeztu beharreko dokumentuak ondorengoak dira: eskabide orria eta erregelamenduaren 5. artikuluan zehazten diren dokumentuak. Dokumentu guztiak hemen aurkitu ditzakezu. Informazio gehiago nahi izanez gero 943 89 08 08 telefonora deitu edo enpresasustapena2@urolakosta.eus helbidera idatzi.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide