Ilusioa zahartzaroan, bizitza

Antonio Campos 2016ko ots. 29a, 14:37

Gizarte hobeago bat izateko ere, beharrezkoak gara hainbat alorretan, gure delako esperientzia, gurea memoria historikoa

Katedralak, altzariak, pinturak eta liburu zaharrak maite ditugu, baina askotan erabat ahaztu egiten gara ikaragarrizko balore morala eta espirituala duten edadetuez. Guk, edadetuak izanik, ezin eskertu gabe utzi egunero-egunero urteak betetzea. Izan ere, zahartzaroan, urteak dira bizirik egotearen prezioa.

Goethek Fausto 82 urterekin amaitu zuen idazten. Tizianok pintura ikusgarriak egin zituen 98 urterekin. Toscaninik 87 urteekin orkestrak zuzendu zituen. Edisonek 83 urterekin bere laborategian jarduten zuen. Benjamin Franklinek AEBko Konstituzioa burutzen lagundu zuen 81 urterekin. Jacinto Concit, Venezuelan, minbiziaren aurkako txerto bereziren bat atera bidean dabil 96 urterekin.

Urte horiek guztiak gurekin daramatzagu edo ate-joka dauzkagu, eta adierazitako pertsona horiek kapaz izan badira zerbait positiboa egiteko, gu zergatik ez?

Nolabaiteko ilusioak ekarri bagaitu honaino, jarrai dezagun ilusioari eusten. Garrantzitsuak gara, ez gara zokoratzekoak, baztertzeko material bat. Gehienak sasoikoak gara, fisikoki eta mentalki, eta gizarteak badu gure beharra. Pare bat ideia ilusioa bizirik mantentzeko.

Gizartearen historian, garai guztietan, era batera edo bestera, familia euskarri sendoa izan da. Gure Euskal Herri maitea ere, izan duen familia eredu indartsurik gabe, ez zen izango gaur den Euskal Herria. Eta gu, zaharrok, desagertzeko bidean egongo ginateke, aitona-amonak ez balira egongo ezagutu dugun familia ereduan. Beharrezkoak beraz.

Gizarte hobeago bat izateko ere, beharrezkoak gara hainbat alorretan,  gurea delako esperientzia, gurea memoria historikoa.

Instituzioak, Gobernua, Diputazioa,Udala... gero eta gehiago ari dira saiatzen, errentagarriagoa izate aldera , helduen partaidetza sustatzen. Demokrazia parte-hartzaile bat daukagu, bi zutabe nagusietan  –elkarrizketan eta gardentasunean–, oinarritzen dena.

Elkarrizketa, ez bakarrik arazoak aztertzeko, baita gizarte gisa ditugun erronkak  entzuteko  eta konponbide partekatuak eraikitzeko ere. Gardentasuna, herritarrek une oro zera publikoaz informaturik egon daitezen. Adierazle moduan esan, Gobernuak bidali berri duela Eusko Legebiltzarrera Euskal Sektore Publikoaren Gardentasunaren, Herritarren parte hartzearen eta Gobernu Onaren lege aurreproiektua eta hor dago Euskadiko Demokraziari eta Herritarren parte hartzeari buruzko Liburu Zuria.

Azken batean, Gobernuaren jarduna herritarren beharrekin lotzeko tresnak dira guztiak eta gu partaide garrantzitsuak izan gaitezke. Izan ere, ez gara hain zaharrak, gertatzen da gaztetasun asko ditugula batuta eta orain bizi duguna, behar bada gure azkeneko gaztetasuna izan daitekeela.
Aprobetxatu dezagun.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide