Prekarietatea salatzeko lasterketa

Karkara 2016ko ots. 17a, 08:34

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Correscales lasterketak Urola kosta zeharkatuko du, eta Oriotik pasako da korrika prekarioa. 8:00etan igaroko da Oriotik.

800 kilometro, 80 errelebotan zatituta eta lau egunetan egiteko. Korrika prekarioak, Correscalesek, hori du helburu. Prekarietatea salatzea lasterketa baten bidez, langileen duintasuna aldarrikatzea. 

Honen guztiaren hazia Movistar enpresako langileek jarri zuten. Beren lan baldintzak aldarrikatzen hasi ziren, xume, eta ekintza handitzen joan da. Bilbon hasiko da lasterketa, Movistardendaren aurrean, eta Bartzelonan bukatuko da, hango zentralaren parean. Ostegunean hasiko dira lehen lasterkariak korrika, hiriburutik, eta otsailaren 22an iritsiko dira Bartzelonara. 

Oriotik igaroko da lasterketa, otsailaren 19an, ostiralean, goizeko 08:00etan. Oriotarrak parte hartzera animatu nahi ditu antolakuntzak, eta, horrez gain, diru ekarpena egitera ere animatu nahi dituzte. Internet bidez ari dira finantzabidea lortzen, eu.goteo.org webgunearen bitartez. Prekarietateari aurre egiteko proiektuak finantzatzeko erabiliko da bildutako dirua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide