Hasi dira Orioko 7. Gomazko Pala Txapelketa prestatzen, eta izen-emate epea zabaldu dute dagoeneko. Urtarrilaren 26ra arte izango dute epea txapelketan parte hartu nahi duten bikoteek.
Parte-hartzeko baldintzak, urtero bezala, 16 urte baino gehiago izatea eta bikotekide bat gutxienez Oriokoa edo Aiakoa izatea dira. Parte hartu nahi duenak, kiroldegian eman beharko ditu bikotearen eta ordezko pilotari baten datuak; izen-ematearen prezioa bikoteko 20 eurokoa da.
Pala partidak ostiral arratsaldetan jokatuko dira, 18:00etatik aurrera, herriko frontoian. Izena-ematen duten bikote kopuruaren arabera, liga eta kopa jokatuko dira. Parte-hartzaileekin bilera otsailaren 29an, astelehenean, egingo da, 19:00etan Kultur Etxean.