Ez dugu erredakzioko lau pareten artean gauden hiru langileok osatzen Karkara. Ez da kolaboratzaileak eta langileak jositako sarea bakarrik. Oriotar eta aiar guztiona da, herritik eta herriarentzat sortzen baita, zuekin eta zuentzat. Mimoz egiten dugu herriak mimatzen duen paperekoa. Arduraz; historia idaztean aritzeaz aparte, herriak estimua diolako. Herriak bere sentitzen du Karkara, eta hori baino galbahe garrantzitsuagorik ez dago. Garrantzia handia du, hortaz, guretzat, herritarrak ere albisteak sortu, testigantzak helarazi eta interaktuatzea. Karkara etxe guztietara banatzen den bezala, Karkarako ateak ere zabalik dituzue erredakziora sartu eta elkarrekin edukiak nahiz proiektuak sortzeko.
Kapitalismoak indar sendoa duen gizarte eredu honetan, sostengu ekonomikoa derrigorrezkoa da. Zorionez badira elkarlanean, denon ekarpenarekin, aurrera ateratzen diren proiektuak. Gurea, esaterako.
Hortaz, zergatik gabon hauetan ez oparitu Karkarako harpidetza? Opari materiala da: urtean 11 zenbaki eta zenbaki bereziren bat. Baina badu ukiezina bezain ezinbestekoa den beste zati bat ere: uneoro eguneratzen den webgunea, sare sozialetan bat-bateko albisteen jarioa, hauteskundeetako mahai-ingurua... Opari merke bezain erabilgarria da. Olentzerori edo erregeei gutuna oraindik idatzi ez badiozue, badakizue, harpidetza bat -edo bi, edo hiru, edo lau...– gehitu zerrendara.
Guk badugu opari bat harpide zaretenontzat edo harpide izango zaretenontzat. Hilaren 24an banatuko dizuegu, plazan. Beraz, etorri eta jaso oparia!