Euskararen gaia landu duzu. Euskararen inguruan ikertzeko beharra al dago?
Euskara aipatzea oso gauza orokorra da, hainbat atal baitauzka lanak. Nire lanak ikasleek euskarari buruz duen informazioaz hitz egiten du. Baina ez gramatikari edo aditzari buruz, baizik eta euskararen egoerari buruz: ea indartsu dagoen, ahul... Indargune nahiz ahulgune horiek identifikatu eta Euskal Herrian barrena non/zein dituen zehazten du.
Euskal Herri guztia kontuan hartu duzu ala udalerri euskaldunetan zentratu zara?
Udalerri euskaldunetako ikasleen euskara diagnosia egiterakoan zer hutsune/gabezi dituzten ikusten ahalegindu naiz. Nahiz eta beren herria euskalduna izan, ea badakiten beste herri batzuetan euskara minorizatuta dagoela, ez dela taldean horrenbeste erabiltzen eta indeferentzia daukatela.
Ikastetxe askotan ikasle askok ez daukate pertzepzio erreal hori, iruditzen zaie normala dela...
Berak normaltasunez bizi dutelako...
Hori da, bai. Batzuetan hiriburuetara joaten ohartzen dira gaztelaniaz funtzionatzen dutela, baina ez dute Euskal Herriaren eskaner erreala egiten.
Orioko ikasleen kasua ere hori al da?
Kasu konkretuetaz hitz egitea kosta egiten zait, asko. Ez nuke nahi Orioko egoeraz zehatz mehatz hitz egin. Ikerketa hauek irakasle batzuekin eta ikastetxe jakin batzuetan egin dut. Orioren tipologia antzekoa duten herrietan egin dut, herri euskaldunak direlako; orduan, baliteke pertzepzio hori ere Orion egotea. Ezin dut baieztatu, baina baliteke.
Finean, euskara normaltasunez erabiltzen den herrietako bat da Orio. Eta, zorionez, ez gara kezkatzen euskararen gaiarekin, normaltasunez daramagulako. Baina bizitza aurrera doan heinean, eta eskola eta familia eremutik aldentzen goazen heinean, hasten gara euskaraz hitz egiteko zailtasunak ikusten.
Baina, badakigu herri euskaldunetako herritarrok zer jarrera daukagun horrelako kasuetan. Gaztelaniara jotzen dugu. Ez dugu izaten gaztelaniaz hitz egiten dutenei euskaraz erantzuteko adina indar. Hori da landu nahi duguna.
Hau da, inguru erdaldunetan euskara erabiltzea? Eta lanketa hori soilik ez da ikastetxeetan egin beharko, ezta?
Kontua da gizarte guztiari eragiten dion egoera dela. Pertsona helduei ere hori gertatzen zaie, lan mundura doazenean edo unibertsitatean hastean. Adin batetik aurrerako jendeari ere pasatzen zaio. Baina, zein da kontua? Horretarako prestatuta egon behar dute gazteek, jakinaren gainean egon behar dute zer egoera topatuko duten. Eta egoera horren aurrean zer jarrera eduki dezaketen ere jakin behar dute, jarrera enpoderatu edo euskalzale bat edukitzeak lotsa ez diela eman behar, alegia. Beren eskubidea ere badela. Hori jakinda, baliteke ondoren jarrera horiek praktikan jartzea.
Baina ez da soilik gazteen kontua. Helduek ere eredu izan behar dute, aurretik bidea ireki. Guraso, aiton-amona edo izeba-osabak, beren familiko gazteekin merkatal zentroren batera edo hiriburura doazenean, beren jarrerarekin diskurtsoekin baino gehiago erakutsiko diete. Orduan medikuei, edo harrera zerbitzua eskaintzen digutenei, lehenengo, bigarren eta hirugarren hitza euskaraz egiten badiegu, ez diegu gure txikiei esan beharko euskaraz egiteko, praktikarekin hori ari baigara erakusten.
Zuk analisi hori eginda ateratako ondorioekin idatzizko proposamenen bat egin duzu?
Ikerketa honekin bi ondorio nagusi atera ditut:
1- Soziolinguistikako gaiak, indarguneak eta ahulguneak, ez dirala berdin lantzen ikastetxe guztietan. Irakasleen artean ere ez da berdin tratatzen. Hori bateratu egin beharko litzake, ezberdintasun handiak baitaude.
2- Udalerri euskaldunak izanik, eta jakinda herri euskaldunetan dagoela normalizaziora bidean indargune potente bat Euskal Herri guztiari begira, interesgarria da herri euskalduneetako ikasleak kontzientziatuta eta jarrera aktiboa izatea; lidergo lan bat dagoekiela ohartzea.
Orduan ideiak eta jarrerak landu behar ditugu. Normalizazio orokorrean eragina izateko, herri euskaldunetatik abiatu behar gara.