Aitor Rubio eta Susana Martin lehen oriotarrak, Hodei Alkorta eta Ainhoa Ubegun lehen aiarrak

Karkara 2015ko aza. 9a, 08:04

Behobia-Donostia lasterketa jendetsuan 34.000 korrikalarik hartu zuten parte, tartean 70 oriotarrek eta 24 aiarrek. Baina beltzez jantzi zen lasterketa, 31 urteko korrikalari nafar bat hil baitzen bihotzekoak jota.

Ordubete eta minutu bateko denboran egin zituen hogei kilometroak Carles Castillejo bartzelonarrak. Bera izan zen helmuga zeharkatzen lehena. Raquel Gomezek 12 segundo gehiago behar izan zituen. Sailkapen orokorrean lehen oriotarra Aitor Rubio izan da eta lehen aiarra Hodei Alkorta.

Guztira 34.000 korrikalarik eman zuten izena lasterketan, iaz baino 4.000 gehiagok. Baina horietatik 28.262 irten ziren atzo, igandearekin, Behobia-Donostian. Eguraldiak ez zien lagundu korrikalariei, beroak asko baldintzatu baitzuen lasterketa. Helmugan begi-bistakoa izan zen beroaren eragina, ezinean eta lur jota iritsi baitziren asko, beroaldiari buelta eman ezinik.

Helmugaratu zirenen artean 70 oriotar eta 24 aiar zeuden. Lehen oriotarra Aitor Rubio San Sebastian izan zen 1:16:12 denborarekin. Honen atzetik, 1:17:23 denboran geldituta kronometroa, Iñaki Beraza Elustondok egin zuen eta hirugarren Juan Mari Hernandez Vegak 1:26:35 denborarekin. Emakumezkoen artean hiru azkarrenak Susana Martin Crespo –1:32:08–, Leire Bravo Guridi –1:32:31– eta Sonia Alonso Martinez –1:34:25–.

Aiarren artean azkarrena Hodei Alkorta Azkue izan zen. Bera izan zen oriotar eta aiar guztien artean azkarrena kronometroa 1:12:52 denboran geldituta. Bigarren Urko Aldalur Etxezarreta sailkatu zen 1:22:19 denborarekin eta hirugarren Gotzon Iruretagoiena Lertxundi izan zen, 1:22:30 denbora eginda. Lehen emakumezkoa Ainhoa Ubegun Manterola izan zen 2:00:12 denborarekin. Atzetik Yohanka Ramos Olivera –2:07:58– eta Amaia Arteaga Alkain –2:10:47– sailkatu ziren.

Baina, tamalez, beste behin ere beltzez jantzi zen Behobia-Donostia lasterketa. 31 urteko korrikalari nafar bat hil zen, helmuga zeharkatu eta gero, bihotzekoak jota. Duela bi urte ere beste korrikalari bat hil zen Donostiako lasterketa entzutetsuan.

Argazkiak: Iban Egiguren

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide