Landa eremuetako ekintzailetasuna sarituko da

Karkara 2015ko urr. 30a, 09:18

Herenegun, urriaren 28an, IV. Urkome Sariak aurkeztu zituzten Zarautzen, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan.

Ana Eizagirre Urkomeko presidentea, Nekane Arrizabalaga Aiako alkatea eta Urkomeko ordezkaria, Javi Zubizarreta Iraurgi Berritzeneko presidentea eta Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendaria izan ziren urriaren 28an IV. Urkome Sariak aurkezten.

Laugarren aldiz emango dira sariak, 2009an izan zen lehen edizioa eta, ordutik, bi urtez behin antolatu da. Ediziotik ediziora proiektuen maila eta kopurua handitu egin dela azpimarratu zuten antolatzaileek, eta, aurten ere bide horretan jarraitzea espero zutela esan zuten.

Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen eta jarduera berritzaileak saritzeko sortu ziren Urkome Sariak. Arestian aipatutako helburuaz gain, antolatzaileek beste sei helburu nabarmendu zituzten: landa eremuan egun dauden enpresen motibazioa berrikuntzara bideratzea, landa eremuan dauden enpresekiko sentsibilizazioa areagotzea, biztanleen jarreran eta sentsibilizazioan eragitea, enpresa izaera txertatzea landa eremuan dauden ekimenetan, landa eremuko jarduerak beste zonaldeetakoek adina aukera izatea eta berrikuntza lehen sektorean ere eman daitekeela gizarteratzea.

Guztira sei sari banatuko dira:

  • Nekazaritza jardueraren sustapena
  • Landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapena
  • Landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatu
  • Landa eremuko balio-aniztasuna agerian jarri
  • Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkarteak komunean emango dutena
  • Sari irekia: bozka bidez egingo dena.

Lehen bost ataletako bat irabaziz gero 2.000 eurokoa saria jasoko da. Seigarren atalean, aldiz, eskualdeko produktu sorta irabaziko luke sarituak.

Sarietara aurkezteko epea azaroaren 2an zabaldu eta 16an itxiko da. Urkomeko bulegora eraman behar da aurkeztu beharreko dokumentazio guztia, hau da, datu pertsonalen dokumentua eta egitasmoaren gaineko dokumentua.

Proiektua aurkeztua ahal izateko, ezinbestekoa da Urola Kostan garatutako proiektua izatea, eta erakunde, elkarte, partikular edo sektore enpresa izatea. Horrez gain, proiektuak 2015-2016 urteetan amaitu beharko dira. Hori aintzat hartzen duten proiektuak gehiago baloratuko dira, behintzat.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide