Iaz abiatu zen ekimena, pasa den urtean egin ziren lehendabizikoz hitzaldi ibiltariak. Turismoa bulegoak, Udal elkartearen laguntzarekin, itsas ondarea ezagutzeko doako hitzaldi ibiltariak antolatu zituen. Aurten ere martxan jarriko du egitasmoa. Azaroako igandeetan egingo dira eta, tartean, Orioko eta Aiako itsas ondarea ezagutzeko aukera izango da.
Orioko hitzaldia izango da lehendabizikoa, azaroaren 1ean egingo baita, Itsas-hiribildu baten ezaugarriak ezagutu ditzagun izenpean. Hitzaldia Xabier Alberdik gidatuko du eta Orioko udaletxe aurrean hasi –11:00etan– eta amaituko da, alde zaharretik paseotxo bat eman ondoren. Gipuzkoan, historian zehar garatutako itsas jarduera nagusienetan partaidetza zuzena izan zuten hainbat itsasgizonen etxeez gain, XVI-XVII-XVIII. mendeetako itsas-hiribildu baten ezaugarriak eta elementuak ezagutzeko aukera izango da.
Iazko hitzaldian herriko jende askok parte hartu zuen. Oso gustura amaitu zutenez, aurtengoan iazko marka berdintzea edo gainditzea espero dute antolatzaileek. Herritarrak izena ematera animatu nahi dituzte guzti hau martxan jarri dutenek, horretarako Orioko Turismo Bulegora jo beharko dute, orioturismo@gmail.com helbidera emaila idatzi edo 943 83 55 65 telefonora deitu.
Aian hileko azken igandean
Aiako hitzaldia azaroaren 29an izango da, igandearekin, 11:00etan hasita. Ubegun industriagunean elkartuko dira hitzaldira joan nahi dutenak eta handik Laurgainera autobusez joateko aukera izango dute. Ibilbidea Laurgainen hasiko da eta oinez joango dira Ubegun industriaguneraino. Hitzaldiaren titulua Gure itsas paisaia zaharrean zehar da eta hau ere Xabier Alberdik gidatuko du. Izena emateko Aiako kultur etxera bertaratu, kulturetxe@aiako.com helbidera idatzi edo 943 13 09 24 telefonora deitu behar da.
Gainontzeko hitzaldiak azaroaren 8an Zarautzen, azaroaren 15ean Getarian eta azaroaren 22an Zumaian izango dira. Horietan ere izena eman nahi izanez gero herri bakoitzeko turismo bulegoarekin jarri beharko duzue kontaktuan.