Ezin izan zuten txapelketa biribildu

Karkara 2015ko urr. 20a, 11:52

Argazkia: Arkaitz Tejado

Urrakiko igoerarekin amaitutzat eman dute Eizmendik eta Olasagastik aurtengo txapelketa. Jaizkibelgo igoeran parte hartu ezin izan zutenez, hirugarren postuarekin konformatu behar izan dute. Baina, denboraldia amaitzeko, Antonio Botorekin, kopilotuaren eserlekuan duela, gidatzeko plazera izango du.

Denboraldia indartsu hasi zuten Olasagastik eta Eizmendik. Podiumetik podiumera ibili ziren. Goiko postuetan, nola beren kategorian, hala orokorrean. Bi tituluak lortzeko aukera zuten, baina egoerak 180º bira bat eman zuen eta txapeldunak izateko aukerak ia desagertu egin zitzaizkien.

Gaizki-ulertu bat medio, Jaizkibelgo igoeran ezin izan zuten parte hartu eta puntu asko galdu zituzten asteburu horretan. Titulutik urrundu ziren. Baina halare, ez zuten etsi eta asteburu honetako igoerara dena ematera joan ziren. Txapelketako azken igoera zen Urrakikoa, eta irabaztetik segundo batera gelditu ziren. Honela, turismoen kategorian, hirugarren postuan amaitu dute.

Txapelketa irabazi duena Iñigo Olabegogeaskoetxea izan da, BMW M3 batekin. Bigarren Joxe Labakak egin du, Mitshubishi EVO V kotxearekin; eta Gorka Eizmendi hirugarren gelditu da. Eizmendik ere BMW3 bat dauka.

Txapelketa amaitu arren, denboraldia ez da amaitu. Azaroaren 27an eta 28an Zamudioan lehiatuko da Eizmendi. Rally berezia izango da, Carlos Sainzek lehendabiziko garaipenak lortu zituenean zuen kopilotuarekin batera hartuko baitu parte, Antonio Botorekin. Izugarrizko ilusioa egiten dio berarekin parte hartzeak. Gainera, bera eskaini zen nirekin korri egiteko, nire gidatzeko modua gustatzen zaionez ilusioa egiten dio nirekin aritzeak. Eta horrek, oraindik ilusio handiagoa egiten dio Eizmendiri.

Babesleak aurkitzeko ere lagungarria izango zaiola uste du gidariak. Ondo etorriko zaigu babesleen aurrean rallyetan mito bat den pertsona batekin parte hartzea. Babesleak aurkitzea lan gogorra eta nekeza dela aitortu du.  Telebistan oso gutxi agertzen direnez, oso zaila da babesleei konbentzitzea, azaldu du Eizmendik. Dagoeneko hasi dira datorren denboraldiari begira atzeko lana egiten, ikusten ez den hori egiten, babesleekin bilerak egiten.

Horrez gain, kotxea atorren denboraldirako eraldatzen ere hasiko dira. Hori, ordea, gustura egiten dute. Gaiaren inguruko ikasketarik gabe, ibilian-ibilian, kotxearen bazter ezkutuenak ere ezagutzen dituzte. Azkenean bizitza honetan esperientziak erakusten dizu gauzak egiten; nahiz eta ikasketek ere laguntzen duten, hobetzeko jardun egin behar da, irizten dio Eizmendik. Berei gidari eta kopilotu izateaz gain, ingeniari eta mekaniko lanak egitea ere tokatzen zaie.

Eta, duten ezagutza baliatuta, autoen tailerra zabalduko du Eizmendik. Olasagastik oraingo lanean jarraituko du, baina badaki hemengo ateak zabalik dituela nahi duenean etortzeko, azaldu du. Hemendik gutxira irekiko du tailerra, Botaleku auzoan.

Jada ideia mordoa dituzte datorren denboraldiari begira, baina lehendabizi inbertitzeko zenbat diru izango duten jakin behar du bikoteak. Eta, inbertitzeko diru hori babesleek ematen dietenez, laguntzaileak nortzuk izango diren jakin behar dute lehendabizi. Finean, beren diru iturri nagusiena –bakarra ez esatearren– babesleena da, hortaz dependentzia handia dute berekiko. Sariak sinbolikoak dira ia beti, hortaz, irabazi baino gehiago da gastatzen dutena.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide