Enpresen arteko lankidetza da jardunaldiaren jomuga

Karkara 2015ko urr. 19a, 07:26

Urola Kostako Udal Elkarteak enpresen arteko lankidetza formulak lantzeko jardunaldia antolatu du eskualdeko enpresentzat. Jardunaldia urriaren 21ean izango da, asteazkenean.

Enpresen arteko lankidetza formulak: erosketa zentralak izenburua duen jardunaldia antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak. Urriaren 21ean, asteazkenean, izango da, 9:30ean hasita. Ordu eta erdiko iraupena izango du ikastaroak, eta ohi bezala, udal elkartearen egoitzan izango da.

Urola Kostako Udal Elkartea eskualdeko hainbat sektoreekin proiektu ezberdinak lantzen ari da, enpresen arteko lankidetza formulak ardatz hartuta. Guztietan, salmentaren esparrua indartzea izan da helburua. Alabaina, lanketa horrek erakutsi die hornitzaileen arteko erlazioak hobetzea ere premiazkoa dela. Orain arteko hutsune hori betetzeko, jardunaldi hau antolatu dute.

Hortaz, asteazkeneko jardunaldian, aurten egindako lankidetza proiektuen azalpen orokorra egiteaz gain, hornitzaileen arteko erlazioa kudeatzeko esperientzia erreal baten kasua aurkeztuko dute, iparraldeko Erosi erosketa zentralaren eredua, hain zuzen.

Ekitaldi honen helburua, beraz, adibide horretatik abiatu eta hornitzaileen arteko erlazioak kudeatzeko lankidetza formula berriak zabaltzea da. Gaur egun, gure lurraldean mugaz gaindiko lankidetza ekintzak eta proiektuak errealitate bat dira eta elkar ezagutzeak guztiok aurrera egiteko indarrak metatzea dela uste dute antolatzaileek.

Hortaz, jardunaldi hau esperientzia trukaketa bat izatea nahi dute. Besteak beste, Ipar Euskal Herriko enpresa hauek hartuko dute parte: Uztartu klusterrak, Bihartean-ek eta Erosik.

Jardunaldiak ondoko egitaraua du:

9:30 Ekitaldi hasierako aurkezpena
9:35 2015ean zehar antolatutako lankidetza proiektuak. Aintzane Ruesgas, UKUEko teknikaria
9:45 Erosi Zentralaren aurkezpena. Monsieur Xavier Pierre, Agour enpresaren gerentea eta Erosi erosketa zentralaren presidentea. Itzulpenak: Idoia Etxarri, UKUEko teknikaria
10:40 Erosketa zentralei buruzko mahai ingurua. Dinamizatzailea: Idoia Etxarri
11:00 Kafea

Izena emateko hainbat bide daude. Emailez eman daiteke izena, enpresa@urolakosta.org helbidera idatzita, edo, bestela, telefono zenbaki honetara deituta: (0034) 943 89 08 08. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide