Turistak erakartzeko amua lau haizeetara zabaltzeko azoka

Karkara 2015ko urr. 16a, 07:03

Gaur, ostirala, hasi eta igandera bitarte turismo eskaintza aurkezteko azoka egingo da Bilboko Areatzako Kaian. Urola Kostako bost udalerrik hartuko dute parte, tartean Aiak eta Oriok.

Urola Kostak, hondartzaz gain, baditu turistak erakartzeko amuak. Uda sasoitik kanpo ere kapaz dira Urola Kostako udalerriak turistak harrapatzeko. Kostako herria izateak laguntzen du horretan, itsaso kresala duen gastronomia oso estimatua baita, besteak beste. Baina, horrez gain, mendiz inguratutako kostaldea da gurea eta horrek ere turistak erakartzen ditu. Eta asmo horrekin, turistak erakartzeko eta eskualdeko turismo eskaintza ezagutarazteko helburuarekin, gaurtik igandera Bilbon egingo den azokan hartuko dute parte. 

Hortaz, Urola Kostako eskualdean dauden Getaria, Orio, Zarautz, Aia eta Zumaiako udalerriek beren turismo eskaintza aurkeztu eta erakutsiko dute asteburu honetan Bilboko Areatzako Kaian, musika kioskoaren aurrean, Arriagako zubiaren ondoan.

Hainbat erakunderen laguntzari esker antolatu da azoka: Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura; Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentua; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila; eta Basquetour, Turismoaren Euskal Agentzia.

Urola Kostako stanean hegaluzea dastatu ahal izango da, parrilan egina; eta saregileak ere izango dira bertan, josten ikateko tailerra ematen. Baina horiek ez dira izango bertaratzen direnen eskura jarriko dituzte ekintza edo tailer bakarrak, hamaika gauza egongo dira Urola Kosta sakonki ezagutzeko.

Dena den, gaur eguerdian, 12:00etan, prentsaurrekoa emango du Igor Iturainek, eta azokaren inguruko guztiak xehetasunez azalduko ditu. Prentsaurrekoa Bilboko Areatzako Kaian bertan izango da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide