Burua Urrakin, denboraldi amaieran

Karkara 2015ko urr. 15a, 10:32

Argazkia: Nerea Perez

Pasa den asteburuan ezustekoek eta hanka sartzeek lehen postuetatik urrundu zituen Eneko Olasagasti eta Gorka Eizmendi Gernikako rallyan.

Ez zuten ongi hasi Gernikako rallya. Olasagastiri tentsioa jaitsi zitzaion, hortaz, lehen bi tarteetan notarik gabe gidatu behar izan zuen Eizmendik. Kopilotuak nahiko gaizki pasa zuen, aitortzen du Eizmendik. Ondoren, buelta eman zion egoerari Olasagastik eta gidariari aginduak emateko gai izan zen.

Hirugarren bueltari azkarrago joateko asmoarekin ekin zioten, galdutako denbora berreskuratzeko. Baina, bat-batean, ibilbidearen erdian gelditzeko zioten hiru lagunekin egin zuten topo. Abiadura mantsotu genuen, ia gelditzeraino, Txus eta Karia albo batean ikusi genituen arte eta aurrera jarraitzeko esan ziguten arte, azaldu du Eizmendik.

Laugarren tartean aurreko postuetara gerturatu ziren, batzuk lasterketa utzi egin behar izan baitzuten eta beste batzuei aurrea hartu baitzieten. Laugarren postuan jarri ziren. Baina, ordutegi-kontrol batera sartzerakoan akatsa egin zutenez, berriz ere sailkapenean atzera egin zuten.

Dena den, sentsazio onekin gelditu ziren. M3a gidatzen gustura aritu ginen, asko gozatu genuen. Orain, Urraki daukate presente. Igande honetan izango da igoera, urriaren 18an. Dena ematera aterako gara, dio Eizmendik. 10:00etan hasiko dira entrenamenduak eta lehen igoera ofizialari 11:30ean emango diote hasiera. Bigarrenari, 13:00etan.

Denboraldiko azken igoera izango da Urrakikoa, eta egindako lanari ginga jarri nahi diote Eizmendik eta Olasagastik. Zaila izango dute, Jaizkibelgo igoeran ezin izan baitzuten parte hartu eta hango puntuak pilatu gabe gelditu baitira. Sailkapen orokorreko titulua lortzea ia ezinezkotzat jotzen duten arren, dena ematera eta ahalik eta denbora onena egitera joango dira, eta horrela kategoriako titulua bereganatzen ahaleginduko dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide