Euskaldun zahar mintzalagunak behar dituzte

Karkara 2015ko urr. 7a, 11:00

Ikasturte berriarekin batera, Urola Kostako Udal Elkarteak Mintzalagun egitasmoa jarri du martxan beste behin, Urola kostako hainbat herritan, tartean Aian eta Orion. Programa horretarako euskaldun zaharren bila dabil mankomunitatea.

Euskaltegiak indartsu hasi du ikasturtea Orion. Zerbitzua eraberrituta eta ikasle askorekin ekin dio kurtso berriari. 60 lagunetik gora izan dira izena eman dutenak. Euskaltegiak izan duen harrera ikusita, AEK-k –kudeatzen duen enpresak– Mintzalagun taldeak ere ugaritu egingo direla uste du.

Horregatik, euskaldun zaharrei dei egiten die Udalak; aurten jende gehiago beharko da taldeak osatzeko. Konpromiso txikia eskatzen du Mintzalagun programak eta edozein euskaldunek parte hartu dezake; ez da beharrezkoa ikasketa edo gaitasun berezirik izatea. Lagun arteko hizketa da Mintzalagun programan izena ematen duten euskaldun berriek landu nahi dutena, astean ordubetez euskaldun zaharrekin bildu eta euskara praktikatzea.

Urtero, Urola Kostan, 20 talde inguru osatzen dira eta astero elkartzen dira euskaraz hitz egiteko. 2-5 pertsonakoak izaten dira taldeak, guztira 75 bat pertsonak ematen dute izena.

Mintzalagun izan nahi duenak hiru bide ditu izena emateko. Kosta tailerreko euskaltegian, telefonoz 625 485 215 zenbakian –Eukene da eskualdeko arduraduna– eta emailez urolakosta@aek.org helbidean. Izen-ematea irekita dago eta urriaren erdi aldean osatu nahi dituzte taldeak. Zerbitzua mankomunitateak ordaintzen du eta AEK-k gestionatzen du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide