Mikel Irizar: "Ez nator lehendik ondo egindako ezer apurtzera"

Tokikom 2015ko ira. 4a, 08:53

Euskalgintzan jarduna da Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Mikel Irizar (Ormaiztegi, 1954). Debagoienean toki hedabideak bultzatzearren nabarmendu da, lanbidea Kutxan izan duen arren. Erakunde horretan euskararen normalizazioaz eta komunikazioaz arduratu zen eta Kutxa Fundazioko zuzendari albokoa izatera heldu zen. Tokikomeko bultzagile eta lehen presidente izana da. Hain justu ere, Tokikomi eskaini dio kargu berrian lehen elkarrizketa.

Eskerrik asko, lehenik eta behin, kargua hartu eta lehen elkarrizketa Tokikomi emateagatik.

25 urte ibili naiz toki hedabideen garrantzia azpimarratzen eta logikoa da keinu hau egitea. Interes gai bihurtu naizen momentuan ulergarria da.

Zigor Etxeburuak utzitako lekuan diharduzu lanean. Baduzu haren politikak jarraitzeko asmorik?

Etxe honetan badago ardatz bat hizkuntzaren gaian oso atzetik datorrena eta eten handirik izan ez duena. Lehenago egon diren euskara zuzendariek ere metatu dute aurrekoek egindakoa. Ñabardurekin, erritmo ezberdinekin, hobekuntzekin... baina koherentzia batekin. Duela urte asko erabat erdalduna zen etxea gaur egun elebiduna da. Eta ez nator lehendik ondo egindako ezer apurtzera. Egongo dira egokitzapen batzuk, edo ñabardura batzuk, baina jarraituko dugu lehengo ildotik.

Sailaren izena aldatu egin da: Euskara Zuzendaritzatik Hizkuntzen Berdintasunerako Zuzendaritzara. Zergatik?

Hausnarketa baten ondorio da. Euskarak behar ditu euskaltzaleak, jakina, baina fokua edo diskurtsoa euskaran eta euskaltzaletasunean bakarrik jartzea mugatua da. Euskarak behar du diskurtso irekiago edo inklusiboagoa, demokratikoagoa. Gizartean edonork partekatzen dituen balioen gainean eraiki behar dugu hizkuntzen bizikidetzaren aldeko diskurtsoa.

Bizikidetza, zelan?

Hiru ardatzen gainean. Bata, askatasuna. Pertsonei aitortu behar zaie arautu gabeko esparruetan hizkuntza hautatzeko eskubidea dutela. Bigarrenez, hautuen arteko berdintasuna behar da, bestela, askatasun faltsua litzateke- eta. Ulermenaren kontua jarri behar da erdi-erdian. Denok daukagu ondokoa ulertzeko ardura. Berdintasunak eskatzen du oreka. Gipuzkoan bi hizkuntza ofizial daude. Baina horietako batek, gaztelaniak, ditu 500 milioi hiztun eta, gainera, legez derrigorrez jakiteko beharra gaztelaniari aitortzen zaio, ez euskarari. Kasu horretan, berdintasuna lortzeko hizkuntzen arteko oreka lortu beharko da, eta, horretarako, Gipuzkoako erakundeek eta eragileek egin behar dugu esfortzua euskarak eduki ditzan berezko esparruak, oso berezko izango dituenak, eta esparru horietatik eragina eta prestigioa eman euskarari.

Hirugarren ardatza?

Justizia. Bizikidetza justiziaren gainean oinarritu behar da. Euskararen kasuan, ez dugu ahaztu behar, esaterako, nik neuk gaztelaniaz ikasi behar izan nuela, euskara debekatuta zegoelako. Baliabide asko jarri zen euskararen kontra; orain, legezkoa eta justiziazkoa da euskararen alde jartzea baliabideak.

Ze berritasun dakarzu?

Berritasun nagusia begirada luzatzea litzateke. Estilo kontua izan daiteke. Ormaiztegin jaio garenok badakigu zubiak zenbateraino diren garrantzitsuak eta sozialki Debagoienean hazi garenok lankidetza ere zein garrantzitsua den badakigu. Estilo aldetik, zubiak eta lankidetza oinarri hartuko dituena, eta, bestetik, begirada luzea izango duena. Euskararen biziberritze prozesua geldiune edo bidegurutze baten dago. Ziklo luze batetik gatoz. Emaitzak hor daude. Asko aurreratu da. Baina, aldi berean, jomuga batzuk erdietsi baditugu ere, gauza berdinak eginez lorpenak berdinak ez dira izango. Beharrezkoa da begirada luze bat. 25 urtekoa-edo.

Euskalgintzaren diskurtsoak ere berritu behar dira?

Bai. Franco hil ostean, argi geneukan tapoia irekitzea nahikoa izango zela berez hizkuntza haz zedin. Gero, trinkotze diskurtsoak eraiki behar izan genituen. Gutxienez, euskaldunak eta euskaltzaleak identifikatzeko. Gaur egun, ostera, beharrezkoa da diskurtsoa modu inklusiboan osatzea. Euskalgintzaren zeregina, funtzionamendua, berrikusi beharra dago. Mundua aldatzen doa, Gipuzkoan ehun hizkuntzatik gora hitz egiten dira... Hizkuntzen arteko bizikidetzak eskatzen ditu molde berriak. Aro politiko berriak lagun dezake, eskua zabalduz, ziklo berri bati ekiteko indartsu.

Diozu urte onak izan daitezkeela euskararen berreskuratze prozesuetarako eta normalizaziorako. Zergatik?

Egin den inbertsio handi bat, une honetan, ez delako bistaratzen. Baldintza berriak behar ditugu. 800.000 euskal hiztun egon bagaitezke, esan nahi du euskarak gaur egun duena baino presentzia handiagoa izan dezakeela esparru gehiagotan. Zer falta zaigu? Hori da ikertu beharrekoa. Baina, adibidez, ulermenaren kontua bada modu bat euskaldunok euskaraz gehiago egin dezagun. Euskal hiztunak ez izan arren, hizkuntza ulertzen dutenak euskarara batzen baditugu, euskaldunok askoz ere leku gehiagotan egingo genuke euskaraz eta euskarak izango luke ikusgarritasun handiagoa. Epe laburrean, emaitza batzuk ikus ditzakegu; epe luzera begira, zientziatik eta akademiatik aprobetxa ditzakegu hainbat elementu, lagunduko digutenak ondo kudeatzen gai hau.

Gipuzkoari aitzindaritza hartzea dagokio euskararen gaian?

Euskararen erdigune geografikoan dago Gipuzkoa eta horrek ematen dio abantaila. Horri esker Gipuzkoa da indargune soziolinguistikoa. Horregatik izan behar dugu aitzindari, berrikuntzaren laborategi... Eta hau ez bakarrik Gipuzkoaren mesedetan, baizik eta, lankidetzan, euskararen lurralde osoaren mesedetan.

Lan dezente egin du aurreko Aldundiak barrura begira, zerbitzura,barne komunikaziora... Dagoeneko langileen %100 dira gauza zerbitzuak euskaraz eskaintzeko?

Oso hurbil gaude horretatik. Erakundea frankismotik zetorren eta egoera bat heredatu zuen, baina lan sistematiko egokia egin da eta gaur egun euskara zerbitzu hizkuntzarena bermatuta dago, eta lan hizkuntza izateko urratsak egiten ari dira atalez atal...

Izan dira pauso batzuk hedabideekiko egin beharreko prentsaurrekoetan-eta ere. Zein izango da hurrengo lau urteetako hizkuntza politika adierazpenei begira? aldibereko itzulpena?

Hor ere urratsak egin dira. Soziolinguistikaren gidaritzapean Eralan prozesua egin da Gipuzkoako Foru Aldundia partaide izan delarik. Lidergoaren ikerketatik hasi zen, baina jendaurreko ekitaldietan edota prentsaurrekoetan zela jokatu behar den ere aztertu da hizkuntza berdintasunaren mesedetan. Erakundeetatik erreferente izatea inportantea da hiztunen aurrean. Portaera bat adostu nahiko genuke, protokolo bat, atxikiko direnak erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala lehenbizi, baina baita gainerako erakunde, talde eta alderdiak ere.

Zenbat diruko poltsa kudeatu beharko duzu?

Zuzendaritzan, diru poltsa osoa, barne gastua kontuan hartuta, bost milioi eta erdiren bueltan dago. Hiru eta erdi nola edo halako diru laguntzetarako izango da.

Aurrekontu osoaren %1era iristen da kopuru hori?

Ez, azpitik dago. 600 edo 700 milioiren artean dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu osoa. Nik planteatu dut agintaldi honetan baliabide gehiago eskaintzea, gero eta gehiago. Dena den, diru poltsa handiagoa badaukagu, bideratu nahiko genuke gauza berriak egiteko. Modu eraginkorragoan. Jar gaitezen ados ikuspegian, ados ditzagun bilakaerak eta horietarako baliabide gehiago jar ditzagun.

Euskarak ere ez ditu batu izan instituzioak eta eragile sozialak. Zein da zure ustea?

Oso aukera ona daukagu aurrerapausoak egiteko. Gauza izanez gero gizarte ekimena eta erakundeena ondo uztartzeko, aurrerapausoak egingo ditugu. Adibideak baditugu. Herri gutxi izango dira ekimen indartsuagoa izango dutenak. Kanpoan, askotan, ez dute ulertzen. Gainera, dauzkagu erakunde ahalmentsuak diruz-eta. Bi horiek uztartu behar dira. Euskararen esparruan egon dira ados guneak eta gatazka-guneak, baina, aro berriari esker, epe luzeko begiradan ados jarri beharko genuke. Horretan jardungo dut buru-belarri.

Topagunean euskalgintzako eragile jardun duzu, eta orain instituzioetarako jauzia eman duzu. Horrek lagun dezake euskararen inguruan eragileen eta instituzioen arteko harremanak estutzen?

Kargu berri honetarako izendatu nautenek hori bilatu dute. Borondatea badago. Zubiak eraikitzea eta lankidetza esparruak sustatzea izango da nire zeregin eta erronka, agintaldi amaieran egoera hobea izan dadin.

Donostia 2016, Tabakalera... urte mugitua dator 2016a. Zelan ikusten duzu hizkuntza berdintasunaren ikuspegitik?

Hizkuntza bizikidetzarako egiten dihardugun lan handia erakusteko balio beharko luke Donostia 2016k. Mundua ez da geroago eta elebakarragoa, pertsonak gero eta eleanitzagoak gara. Elebakarra desagertzear dagoen espeziea da. Munduan hizkuntza kudeaketa geroago eta garrantzitsuagoa izango da. Egoera horretan guk daukagu eskarmentua leku gutxitan dagoena eta hori munduari erakutsi behar diogu. Jabetu behar dugu esku artean zer daukagun, zertan garen onak, eta hori esportatu. Tabakalerak ere izango du oihartzun handia nazioartean, eta hori ere izan dadila gure egoera soziolinguistikoa ezagutzera emateko.

Erronka handienetakoa gazteen hizkuntza ohituretan egon daitekeela dirudi.

Egin den inbertsorik handiena hezkuntzan egin da. Baina gazteak ez dira giza talde isolatua, ajeak errepikatzen dituzte. Errefortzu lanak plantea daitezke, eskolaz kanpo ere euskara erabil dezaten. Eskolaz kanpo euskaltzaletu da leloa eta gakoa. Aisialdia, kirola, kultura, sorkuntza... horietan jardun behar dugu. Eskolan egindako inbertsioa, eskolaz kanpokoetan errentagarri izan dadin, egitasmo integrala osatzea da erronka.

Eta erabilerari erreparatuta... ulermena da gakoa norberak gura duen hizkuntzan jarduteko?

Helduen artean emaitzak eman ditzake epe laburrera begira. Gipuzkoan euskara tutik ere ulertzen ez duen oso jende gutxi dagoela iruditzen zait. Baina badago profil bat, zerbait ikasten hasi eta utzi egin duenarena. Besteek gaztelaniaz egitea eraso moduan hartu izan dugu askotan euskaldunok. Baina aitortzen badiogu euskaraz ez dakien horri gaztelaniaz egitea eskubidea dela, presioa kentzen diogu. Hortaz, jendeari galdetzen badiogu ea ulermena erabiltzeko prest dagoen, emaitza onak lortuko ditugu. Batzar baten euskaraz ez dakienari onartzen badiogu gaztelaniaz erantzuteko aukera, hark onartuko digu batzarra euskaraz egiteko aukera. Jarrera ikaragarri alda daiteke hor. Euskarari ikusgarritasun handiagoa emateko giltza bat daukagu. Bestetik, ulermena berariaz lantzeko ikastaro azkar bat plantea daitekeela uste dut. 100 orduan euskaraz egingo den batzar baten egoteko modua... Esperimentatu beharreko esparrua da.

Euskara ikastea ez da doan. Doakoa izan beharko luke?

Baliabide ekonomikoak behar ditugu. Doakotasunarena eztabaida zabalagoa da. Euskaratik urrunen daudenak euskarara ekartzeko ikastaroetarako, ulermenerako-eta, ikastaro doakoak egitea ondo iruditzen zait. Hortik aurrera, beka sistemak-edo egon daitezke.

Laguntza izango dira Aldundiarendako udal bakoitzeko teknikariek egiten duten lana. Teknikari pila bat daude herriz herri.

Bai, bai, hori da egitura bat Gipuzkoan bereziki garrantzitsua dena. Oso lan ona egiten ari dira udaletako euskara teknikariak. Euskara biziberritzeko lan handia egin da udaletatik eta Foru Aldundiarekin ondo uztartuta dago lan hori: Udaltop... Lan horretan sakondu egingo dugu. Gainera, hauteskundeen ostean, Aldundian bezala, udal askotan ere aldaketa etorri da, jende berria sartu da eta laguntza behar du zenbait esparru ondo antolatzeko. Orain arteko dinamikak indartu egingo ditugu.

Gipuzkoan euskararen arnasgune diren herriak ditugu. Egoera ez doa hobera lekuotan. Baduzue politikarik pentsatuta herriotarako?

Badaude zantzu batzuk esaten duzun hori adierazten dutenak. Kasu batzuetan ez da samurra izango horri aurre egitea. Esaterako, Internet erabat zabalduta dago toki guztietan, baita arnasgune horietan ere. Orain arte herri txikiak urruntasun edo inkomunikazioaren erakusle izan dira. Gaur egun ez dago distantzia hori. Eta egoera berri hau ez da kontrolatzen samurra. Beste batzuk bai. Esaterako, hirigintza edo lurralde antolamenduarekin lotura izan dezaketenak. Demagun 500 laguneko herri baten, erabat euskalduna dena, bat-batean 50 etxeko sustapena egiten dela eta kanpotik, auskalo nondik, datorrela jendea bizi izatera. Horrek ekar dezake populazioaren %10 euskalduna ez izatea eta, ondorioz, hizkuntza orekari herri horrek egiten dion ekarpena apurtzea bat-batean.

Arnasguneotan Uemak lan handia egin du. Zein da Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzak duen ikuspuntua?

Uemak oso lan ona egin du arnasgune horiek indartzen. Dena dela, udal handiagoak ere batu dira azkeneko agintaldian Uemara: Tolosa, Zarautz, Bergara... Nire planteamendua da Uema indartzea. Udalak, orain, aurreko agintaldian baino politikoki orekatuagoak dira. Eta, hain zuzen ere, hori baliatu nahiko nuke Uema balioan jartzeko. Gatazka politikoaren gainetik. Beste egoera baten gaude eta posible da Gipuzkoako bi indar politiko nagusiak jartzea parez pare, euskararen alde, Uemaren alde.

Tokikomen presidente izana zara; baina zeintzuk dira komunikabideen erronkak Aldunditik begiratuta? Aldatzen dira?

Ez. Aldatzen da tokia, baina ez ikuspegia. Euskarazko hedabideen erronka da ahalik eta eraginkorrenak izatea, oso tresna inportanteak direlako jendea euskararekin zaletzeko edo, gutxienez, euskarara hurbiltzeko. Alde horretatik, toki hedabideek izugarrizko lana egin dute. Jende askok entzun, ikusi edo irakurri ditu lehen berbak bere herriko edo eskualdeko hedabideetan. Toki hedabidea iristen da beste guztiak ailegatzen ez diren tokietara eta besteek ez duten karga emozionalaren bidez. Irismen handia dute... Neurtutakoa da hori. Hedabide sistema oso bat behar dugu euskara garrantzitsu egingo duena. Euskarazko hedabideek oso ondo neurtu behar dute zein den komunikazioaren egoera, etorkizuna zelan datorren, zein diren tresnak, zein den gizartearen konposizioa, ze iturritatik elikatuko diren... eta ahalik eta gehien hurbildu jendeak beharko duen horretara, euskaraz. Sektorearekin begirada luzeko hausnarketa egin nahiko genuke. Euskal hedabideen etxea proposatu zuen Tokikomek. Horren estiloko zerbait egin nahiko genuke.

Ikerketari balioa eman gura diozula esan izan duzu.

Berrikuntza, ikerketarik gabe da berrikuntza intuitiboa. Jarrera eta baliabideak behar dira ondo egiteko. Ohiko baliabideekin berrikuntza egitea zaila da. Helburuen edo erronken neurriko baliabideak jarri behar dira.

Aldaketak laster sumatuko ditugu?

Momentuak eskatzen du aldaketa. Goazen ikustera nola biziberri dezakegun euskara, zelan molda dezakegun diskurtsoa begirada luzatuta... Eta hori nola egin dezakegun elkarrekin lankidetzan. Inor ez dago soberan, denok norabide berean lan eginda ere nahikoa lan izango dugu-eta. Ideia hau kutsatzea izango da erronka agintaldi honetan.

Hizkuntza Legearen gaiari eman zaio garrantzia. Nola ikusten du zuzendari berriak?

Legeak beharrezkoak dira. Lege babesak ahalbidetzen ditu hainbat gauza. Hori esanda, legea ez da berme bat. Legeak aukera ematen du gauzak egiteko, baina, gizarte indarrik ez bada, legeak bakarrik indar txikia du. Beste baliabide bat da legea. Juridikoa. Baina ez naiz aldaketak legetik egitearen oso zale. Iruditzen zait dinamikak eta jarrerak aldatu behar direla lehenbizi. Jakina, legeak horretan lagun badezake, ez dago problemarik. Legeak herri borondatearen ondoren etorri behar du. Dauden legeekin gauza asko egin daitezke. Esaterako, euskararen aldeko lanean, amaitzera doan 50 urteko ziklo honen lehen urteetan, legearen kontra egin zen lan eta sekulakoak egin ziren legearen zirrikituak baliatuz: ikastolen sorrera...

Gipuzkoako Aldundian diharduzun arren, Bizkaian bizi zara. Elorrion.  Ondo ezagutzen duzu Elorrioko euskararen egoera eta baita Durangaldekoa ere. Zein irakurketa egiten duzu eskualdeko euskararen erabileraz?

Durangaldean badago ikusten dena baino gaitasun handiagoa. Durangaldeak zubi lana egin dezake Gipuzkoaren eta Bizkaiaren artean. Bizkaiaren baskofoniaren esparrua da Durangaldea, hutsuneak badituen arren. Esaterako, eskaintza turistikoaren barruan, hizkuntza uztartzea beharrezkoa du. Eskaintza turistikoan, gaur egun, indigenismoari, bertako horri, bereizten zaituenari, balioa ematea inportantea da.

Beste ezer sumatzen duzu faltan Durangaldean?

Uste dut lankidetza falta dela. Gipuzkoan ohitura handiagoa dago elkarlanerako gizarte ekimenaren eta erakundeen artean. Bizkaian hori batzuetan izaten da, baina beste batzuetan ez. Eta Durangaldean hori bultzatzea posible da. Efektu biderkatzailea izango luke berehala.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide