Parrandaz parranda ibiltzeko aitzakia gutxi behar da udaran. Eguzkiaren lehen printzak ateratzen direnetik agenda festaz betetzen da. Zarautzen sanpelaioak, Orion sanpedroak, Getarian San Pedro eguna, Aian sandonato eta sanlorentzoak, sanbartolomeak nonahi...
Parrandara ez, harria jasotzera joaten dira, ordea, Joseba Ostolazaren eskolakoak. Udara honetan festaz festa ibili dira. Ameriketaraino joan dira, Boisen egiten den Euskal Festara. Azkenekoz Elgoibarko San Bartolome festetan izan dira, XVII. Harrijasotze txapelketan. Abuztuaren 29an izan zen, larunbatean.
Bi harri baldar erabili dituzte, 130 kilokoa eta 145 kilokoa. Bost harri jasotzaile ibili dira lanak egiten: Xabier Aranburu, Iban Ugartemendia, Jaokin Eizmendi, Aimar Galarraga eta Joseba Ostolaza. Azken hirurak Ostolaza harri eskolakoak.
145 kiloko harri baldarri jasoaldi gehien Jokin Eizmendik eman zizkion, 11. Atzetik Joseba Ostolaza gelditu zen, 9 jasoaldirekin. Laugarren sailkatua Aimar Galarraga izan zen, 5 jasoaldirekin. 130 kiloko harriari, ordea, Ostolazak eman zizkion jasoaldi gehien, 14. Atzetik Jokin Eizmendi sailkatu zen, 13 jasoaldirekin. Harri honekin ere laugarren postuan sailkatu zen Galarraga, 7 jasoaldi eginda.
Emaitzak
130 kiloko harri baldarra eta 145 kiloko harri baldarra
1. Jokin Eizmendi 13 11
2. Joseba Ostolaza 14 9
3. Iban Ugartemendia 10 6
4. Aimar Galarraga 7 5
5. Xabier Aranburu 8 3