Triatloia ezagutzeko udalekuak

Karkara 2015ko abu. 28a, 08:03

NikTrik antolatutako Triatloi Udalekuak izango dira abuztuaren 31tik irailaren 5era. Udalekuak biribiltzeko Triatloia antolatu dute azken egunean.

Txurruka aterpetxean hartuko dute ostatua triatloia ezagutu nahi duten gaztetxoek abuztuaren 31tik 5era. Eta udalekuen funtsa hori den arren, triatloia ezagutu eta triatloiari lotutako ekintzak egitea, ez da hori egingo duten gauza bakarra. Kirola egitearekin batera aisialdiko ekintzak egingo dituzte, inguruak eskaintzen duen aukera baliatuta.

Goizetan, Fitgüneko buru den Hektor Llanos prestatzaile eta triatloilariak kirol honetara gerturatuko ditu gazteak. Arratsaldeetan, aisialdiaz gozatzeko irteerak, jolasak eta ekintza bereziak egingo dituzte Arazi enpresako hezitzaileen laguntzarekin. Aisialdiko ekintza batzuetan beste kirol diziplina batzuk ezagutuko dituzte, pilates eta ur-kirolak, esaterako.

Osatu dira udalekuak, 54 lagunentzako zegoen tokia eta izen ematea betea dago jada. Dena den, itxarote-zerrenda zabalduta dago abuztuaren 31 bitarte. Guztira, Euskal Herriko 31 mutilek 23 neskek hartuko dute parte NikTrik bosgarrenez antolatu duen udalekuetan.

Udalekuak biribiltzeko, triatloia

Iaz bezala, udalekua triatloi batekin amaituko da. Hala, irailaren 5ean, larunbatarekin, Txurruka aterpetxearen kanpoaldean triatloia antolatu dute gaztetxoentzat. Triatloi honetan udalekuetan parte hartu duten haurrez gain, 8 urtetik gorako edozein gaztek hartu dezake parte.

Adinei egokitutako probak egongo dira. Luzeenak 15 urtetik gorako gazte, heldu eta nagusiek osatu beharko dituzte: 200 metro igerian, 4000 metro bizikletan eta 1000 metro korrika. Gazteagoek ibilbide laburragoak egingo dituzte.

Aia-Orio Triatloi Txikia eta Triatloi Herrikoan ez da irabazle bakarra izango, partaide guztiak izango baitira garaile. Izan ere, lehiakortasun hutsetik aldendu eta kirolak berak dituen balioekin batera, festa eta laguntasuna sustatzeko froga herrikoa izango baita. Horrenbestez,  triatloia ezagutu nahi duen oro gonbidatzen du NikTrik irailaren 5ean egingo den triatloian parte hartzera

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide