Eskualdeko enpresak, oro har, txikiak direnez eta nazioartekotzeko bidea zaila denez, egoera horri aurre egiteko modua enpresen elkarlana eta lankidetza sustatzea dela uste du Urola Kostako Udal Elkarteak. Horregatik, eskualdeko industria sektoreko enpresentzat jardunaldi bat antolatu dute. Bi atal izango ditu: batetik, Urola Kostako industria sektoreko lankidetzarako proiektua, eta bestetik Getgoierri Basque Country lankidetza-ereduaren aurkezpena.
Getgoierri egitasmoa duela hamar urte inguru sortu zen arrakasta handiko lankidetza eredua da eta Gipuzkoa mailan marka sortzea lortu du. Enpresa handien aurrean talde gisa aurkezten dira eta mundu osoan zehar bidaia komertzialak egiten dituzte. Industria sektoreko azoka garrantzitsuenetan get goierri stand-a jartzeko gaitasuna ere lortu dute, elkarlanean arituz.
Egitasmoaren aurkezpena Niko Errastik, Goieki garapen agentziako teknikaria eta Get Goierri Basque Country egitasmoaren sortzaile eta arduradunak egingo du.
Jardunaldia uztailaren 27an, astelehenean, izango da, 9:30ean Udal Elkartearen egoitzan. Izen ematea eta informazio gehiago enpresa@urolakosta.org-en eta Urola Kostako Udal Elkartean, Telf:943890808