%60ko helburua oso urrun

Karkara 2015ko mai. 21a, 08:35

Argazkia: Zero Zabor

Zero Zabor elkarteak Urola Kostako mankomunitatearen birzikletze emaitzak ikertu eta ondorioak atera ditu.

2011ko maiatzean hasi zen legegintzaldia bukatzear da. Lau urteotan ikusi eta ikasi dutenaz hausnartu du Zero Zabor elkarteak. Balorazioak egiteko garaia iritsi da, eta oro har, Gipuzkoan %60an jarritako helburua gero eta gertuago daukatela ikusten dute.

Hondakinen kudeaketaz asko hitzegin da urte hauetan. Hondakinen kudeaketa, elite baten bulegoetan herritarren begiradatik urrun diseinatzen ziren garaiak atzean geratu dira, eta, zorionez, eztabaida jendartean zabaldu da gaiaren inguruko kontzientziazioa hareagotuz, irizten dio Zero Zabor elkarteko kide batek.

Gipuzkoan 2016 urterako gaikako bilketan jarritako helburua %60 da. Xedea geroz eta gertuago dago. Gipuzkoak, Europan beste inork ez bezala, erritmo onean hobetu ditu bilketa emaitzak. Hori egindako kudeaketa bikainari esker da, eta erreferentzi bihurtu da Europan eta munduan, hondakinen kudeaketa iraunkor baten alde dihardutenentzat, gaineratu du.

Legegintzaldi hau honela definitu du: zaborraren eta errausketaren aroa atzean utzi eta Zero Zabor aroan sartu garenekoa izan da. Hastapenak diren arren, nflexio puntua iruditzen zaio atzean utziko dugun legegintzaldia: Gipuzkoan, errauste planta eraikitzeko bidean gauzak oso aurreratuta zeuden 2011 urtean. Hondakin gehienak nahasirik jasotzen ziren, materialak alferrik galduz, dena zabor bihurtuz. Gizon­emakumeok ingurune osasungarri batean bizitzeko dugun eskubidea arriskuan zegoen. 2015 urtean nola gauden begiratzen badugu, hondakinak errausteko proiektua baztertuta dagoela ikus dezakegu, horri esker 250 milioi euro aurreztu direlarik.

Gipuzkoako 88 udalerritik 64k %60 baino gehiago biltzen dute gaika. Portzentaje horretan, ordea, ez da Orio sartzen. %42an dago, oraingoz, Orioko birziklatze tasa. urte gutxitan gaikako bilketa maila bikoiztu delarik. Gipuzkoa mailan, hondakinen erdia gaika biltzen da eta materia organikoaren bilketa hiru urtetan laukoiztu egin da. Baina, aipatu bezala, hobekuntza asimetrikoa izan da. Hau da, birziklatze tasa ez da berdin garatu mankomunitate eta herri guztietan. 

Urola Kostako mankomunitatearen bilakaera eta helburuak

Urola kostako mankomunitateko bilakaera aztertzen badugu, bilakaera eskasa izan dela ikus dezakegu, aitortzen dute. Horrela, mankomunitatea osatzen duten bost udalerrietatik bakarra ere ez da hondakinen erdia ere gaika biltzera iristen.

Mankomunitatean dagoen Urtetako zabortegiaren itxiera gerta zedin egindako ekarpena oso txikia izan dela iruditzen zaie Zero Zaborrekoei. Turismoa ingurumena eta iraunkortasunak elkar elikatu beharko lukete:Urola Kostako mankomunitatea oso lotuta dago turismoari. Ingurumena zaintzeak eta iraunkortasunean aitzindari izateak berez duen garrantzitik harago, leku turistiko bezala eduki dezakeen irudia izugarri indartuko luke horrek. Aukera bikoitz hori behar bezala ez ulertzea arazo bat dela uste dute Zero Zaborreko kideek.

Emaitzak aldatzeko gauzak aldatzeko beharra ikusten dute. 2016rako %60ra iristeko bideak bilatu beharko direla uste udte. Gaia, lehia politikorako tresna erabiltzeari utzi eta adostasunak bilatu beharko lirateke, balekoak diren sistema eraginkorren artean herri bakoitzera hoberen egokitzen dena bilatu eta iraunkortasunean benetako urratsak egiteko.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide