Iazko urrian hasi ginen Liégerako bidaiari forma ematen. Bilera bat egin ostean, gorpuzten joan zen plana. Berehala lotu genituen beharrezkoak ziren kontuak: hegazkina, hotela eta bizikletaren garraioa. Hortik aurrerakoak epe motzean adostu genituen.
Bidaia kilometroz kilometro
Errazena egin genuen: lasterketan izena eman. Baina, zailena falta zitzaigun, alderdi praktikoa: probari aurre egiteko prestakuntza. Urritik aurrera, hileko azken igandetan, irteera bat egin dugu elkarrekin. Lehendabizikoa 125 kilometrotakoa izan zen eta azkena 260 kilometrotakoa. Eguraldia ez da baldintza izan irteera egiterakoan, euria egin arren ez baitigu bertan behera utzi bat bera ere. Batean izan ezik, beste guzietan busti egin gara. Aurtengo negua gogoratu, bestela. Baina taldearekin hartutako konpromisoa euria eta hotzaren gainetik gelditu da. 15 euroko isuna jarri genuen asteburuan etortzen ez zenari, baina ez du inork huts egin. Ez du inork isuna ordaintzen lehena izan nahi, baina, garrantzitsuagoa dena, ez dio inork taldeari kale egin nahi izan. Taldekako entrenamenduez gain, bakoitzak bere prestakuntza propioa egin du.
Hegazkinez egin dugu joan-etorria. Bizikletak eta maletak, aldiz, alokatutako furgoneta batean eraman ditugu, errepidez. Hotela Liégeko aireportuaren aldamenean hartu dugu, Orica Green Edge taldeko Neil Stephensen bitartez, berak iaz han hartu baitzuten ostatua. Gurekin joan den Xabierrek egin du harremana berarekin.
Aurreko ostiralean, hilak 24, iritsi ginen Bruselako aireportura. Eta handik, furgonetan, Liègera. Bizikletak jaso eta bazkaldu ostean, dortsalaren bila joan ginen bizikletaz, hankak askatzeko. Guztira 15 kilometro egin genituen. Behin dortsalak jasota, hotelera bueltatu ginen. Dutxatu eta afaltzera. Menua, sinplea: makarroiak eta makarroiak. Afalorduan, hizketarako gaiak izan ziren larunbateko eguraldia, jantzi beharreko arropa, soinean eraman beharreko janaria, egun horretako loa... zalantza asko genituen, urduritasuna nabari zen. Baina disfrutatzeko egun bat izan behar zuen, eta horrela izan zen, bai horixe!
Proban helburuak ondo beteta
Goiz esnatu ginen larunbatea, 4:30ean. Bakoitzak gosaldu ohi duena gosaldu –etxetik eraman genuen– eta 6:30ean hoteletik atera ginen. Euria ari zuen. Atzera ezin genuen bota, ordea, eta irteera puntura joan ginen. 276 kilometrotako ibilbidea egin genuen, profesionalen 253 kilometroei 23 gehituta.
Irteeratik 7:15ean irten ginen. Euria, orain ere, lagun. Hasieratik ibilbidea gorabeheratsua izango zela konturatu ginen. 10 gailurrez gain, beste aldapa luze asko igo behar izan genituen. Gora eta behera genbiltzan denbora guztian. Ibilbideko paisaia oso polita zen, berde berdea, eta gazteluak ikusteko beta ere izan genuen. Kilometro asko baserri inguruko errepideetan egin genituen, oso bide estuetan, baita galtza-harrietan ere. Harrituta geratzen ginen profesionalek hortik pasa behar zutela pentsatzean.
Kilometroak eta kilometroak egin genituen, gure erritmoan. Neguan zehar egindako taldeko saioetan bezala aritu ginen. Aurreko pelotoi txikian irensten eta irensten joan ginen, eta kolore horia pelotoi aurrean ikusi ahali izan zen, nabarmen. Elkar txandakatuz, erreleboak ematen, ibili ginen. Beste guztiek guk egiten genuen lana aprobetxatzen zuten, baina gu oso gustura geunden. Talde bat ginela argi zegoen: Aldapa. Talde moduan aritu ginen, denen onurarako.Portuetan bakoitzak bere erritmoa jartzen zuen. Goran, berriz ere elkartzen ginen. Ura edateko, mokadutxoa jateko edo pisa egiteko; dena guztiok batera egiten genuen. Pelotoiak antzeman zuen guztiok talde bat osatzen genuen. Gure falta sumatzen zuten atzean geratzen ginenean. Atzera begiratu eta tiraka noiz jarriko zain egoten ziren.
Alokatutako furgonetari esker, 160. kilometroan arropa aldatzeko aukera izan genuen. Erabat bustita geunden, blai eginda. Geldialdi hori izan genuen unerik kritikoena izan zen, agian. Hoztu egin ginen euria eta hotzagatik, eta dardarka egin behar izan genion berriz lasterketari. Wanneko gaina segituan egunean, eta eskerrak, berotan sartu ahal izan baikenuen.
Azken 80 kilometroak politenak eta dinamikoenak izan ziren. 7 gailur daude azken kilometro horietan. Pixkanaka Liégera hurbiltzen ari ginen, konturatu gabe, umoretsu. Azkenean, San Nikolas gainean, 258. kilometrora iritsi ginen. Hori pasa, Anseko aldapa igo, eta jada ez zegoen igoera gehiago. Dena jaistea zen.
18:15ean iritsi ginen helmugara. Dena irribarretsu, pozik egindakoarekin. Oroigarri moduan argazkia atera eta hotelera joan ginen; bizikletaz, noski. Guztira 300 kilometro egin genituen, hoteleko joan-etorriak kontuan hartuta.
Ez genuen inongo ezbeharrik eduki nahiz eta euria, hotza, errepidea labainkor eta trafikoa irekita egon. Zer gehiago eskatzen dugu? Soilik nekatuta, bustita eta zikin geunden, baina animoz topera! Bertako guztiei Aldapa zein zen erakutsi genien!
Dutxatu, bizikletak garbitu, furgonetan kargatu eta afaltzera joan ginen. Afalordua, noski, norberaren bizipenak kontatzen pasa genuen. Hurrengo urterako erronka ere izan genuen hizketagai. Baina, momentuz, egindakoaz disfrutatzea tokatzen zitzaigun. Eta, behar bezala ospatzeko, Anduko arkume bat gure zain dago jada!
Igandean profesionalak ikuskera
Gure buruari egindako oparia izan zen igandeko eguna. Profesionalen lasterketa ikustera joan ginen. Larunbatean egin genuen nola egiten zuten ikustera, eta alderatzera. Gurea baina eguraldi hobea izan zuten; lasterketan zehar ateri eta amaieran euri pittin bat egin zien.
Irteeran txirrindulari guztiekin egoteko aukera izan genuen, baita irabazle izan zen Valverderekin ere. Beren bizikletak ikustean hortzak luze jarri zitzaizkigun. Ondoren, Stokeu erdialdean jarri eta handik ikusi genuen bai nola igotzen ziren, bai nola jaisten ziren. Abiada bizian jaisten zuten aldapa!
Lasterketa geunden tokitik igarotzen ikusi genuen eta amaiera telebistan ikusi genuen. Bruselako aireportura joan ginen ondoren, euritan orduan ere. Aireportuan txirrindulari profesional asko ikusteko aukera izan genuen.
Esperientzia ikaragarri aberatsa izan zen, zentzu guztietan. Alde batetik, egindako kilometro kopurua aintza hartzeko modukoa da. Bestalde, Aldapa taldearen izenean joan eta talde moduan lan egin genuen, lehentasuna taldea izanik. Ikusitako paisaia, errepidea eta kultura ere oso aberasgarriak izan dira. Profesionalekin egondako unea ere oso polita izan da, oso gertu izan genituen, aukera ezin hobea beren prestaketa, bizikleta…. eta beste hainbat kontu aztertzeko. Labur esanda, errepikatzeko moduko esperientzia izan da!