Hauteskundeak

Posta bidez botoa emateko aukera

Karkara 2015ko api. 28a, 11:29

Posta bidez ere bozkatu daiteke udal hauteskundeetan. Maiatzaren 14a bitarte dago era horretara bozkatzeko aukera.

Maiatzaren 24an dagokion mahaian bozkatu ezin dutenek posta bidez bozkatzeko aukera zabalik daukate. Martxoaren 31n ireki zen posta bidez bozkatzeko eskaera epea eta maiatzaren 14an amaituko da.

Posta bidezko bozka eskatu nahi duen pertsonak Correoseko edozein bulegotan edo alderdi politikoen egoitzetan eskuratu dezaken inprimakia bete behar du. Bete, sinatu eta Correoseko edozein bulegotan aurkeztu beharko du, bere burua identifikatzearekin batera. Horretarako, eskaera egiten duena bera dela ziurtatzeko, nortasun agiria aurkeztu beharko du.

Correosek dokumentazio guztia Hautesle Erroldaren Bulegora bidaliko du. Honek, ondoko dokumentazioa gutun ziurtatuz eskatutako helbidera edo erroldan agertzen den helbidera bidaliko du. Gutun horretan boto-paperak eta bozka gutun-azalak, errolda-ziurtagiria, bozkatzea tokatu litzaiokeen mahaiaren helbidea agertzen den gutun-azala eta azalpen orria egongo dira.

Dokumentazio hori jasotzeko identifikatu egin beharko da, nortasuna ziurtatu. Etxean badago NANa erakustearekin nahikoa da; baina, etxean ez balego, dagokion Correos bulegora joan beharko luke.

Dokumentazioa jasota, boto-papera dagokion gutun-azalean sartuko beharko da eta ondo itxi. Itxita dauden gutun-azalak eta Errolda Ziurtagiria bozkatzea tokatuko litzaioken mahairen helbidea daraman gutun-azalean sartu beharko dira. Gutun ziurtatuz bidali beharko dira dokumentu guztiak maiatzaren 20a baino lehen.

Garrantzitsua da gutun ziurtatuz bidaltzea, gutun arruntez bidalitako bozka baliogabea izango baita. Garrantzitsua da, baita ere, posta bidez bozkatzeko eskaera eginez gero modu honetan bozkatzea; bestela, ezingo baita mahaira aurkeztuta bozkatu.

Gaixo eta ezinduen kasuan

Ezindua dagoen pertsonak, lehenik eta behin, ahalorde notariala egin beharko du, bere bozka tramitatuko duen ordezkaria izendatzeko. Ahalorde notariala egitea debalde da. Dokumentua hautesle bakoitzarentzat bana egingo da, beraz, bertan hautesle bat baino gehiago ezingo dira agertu eta pertsona berak ezingo du hautesle bat baino gehiago ordezkatu.

Ordezkariak notario delegazioan hainbat dokumentu aurkeztu beharko ditu: posta bidezko bozka eskatzeko agiria gaixoaren datuekin, ezinduaren NANa, ordezkariaren NANa eta mediku ziurtagiria. Medikuen Elkargo Ofizialean edo alderdien egoitzetan eskuratu daiteke inprimakia, doan.

Notarioan dokumentuak aurkeztu ostean, notarioak gaixoa bisitatuko du eta ahalorde notariala egingo dio ordezkariari. Ondoren, ordezkariak Correosera joan beharko du bozka tramitatzeko. Aurkeztu beharko duen dokumentazioa ondorengoa da: gaixoaren eskaera-agiria, mediku ziurtagiria eta ahalorde notariala.

Correosek dokumentuak Hautesle Erroldaren Bulegora bidaliko ditu. Honek, ondoko dokumentazioa gutun ziurtatuz eskatutako helbidera edo, honen ezean, erroldan agertzen den helbidera bidaliko du: boto-paperak eta bozka gutun-azalak, errolda-ziurtagiria, bozkatzea tokatuko litzaiokeen mahaiaren helbidea agertzen den gutun-azala eta azalpen orria. Dokumentazio hau ordezkariak jaso behar du zuzenean, horretarako bere nortasuna ziurtatuz.

Behin dokumentazioa jasota, boto-paper bakoitza dagokion gutun-azalean sartu beharko du eta ondo itxi. Itxita dauden gutunak eta errolda-ziurtagiria bozkatzea tokatuko litzaiokeen mahaiaren helbidea daraman gutun-azalean sartuko ditu. Gutun ziurtatuz bidaliko ditu dokumentu guztiak maiatzaren 20an.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide