#selfieIKT kanpaina berritzaile eta irudimentsua jarri dute martxan audientzia ikerketa kualitatiboa egiteko. Euskarazko komunikabideen kontsumoa asko aldatu dela begi bistakoa da, eta aldatzen jarraitzen du. Hori dela eta, 2014an, Euskarazko komunikabideen kontsumoa eta internet ikerketa abiatu zuten hiru ikerlarik, Hekimen elkartearekin elkarlanean.
Ikerlarion ustez, Interneten agerpen eta garapenak hartzaile, kontsumitzaile eta erabiltzaileen ohitura eta esperientzietan eragin ukaezina izan du, eta egun, euskarazko komunikabideen kontsumoa eta kontsumitzaileak ulertzeko hurbilketa modu berriak saiatu behar ditugu ezinbestean.
Horretarako, eta ikerketaren lehen urrats esperimental bezala, norberaren eta ingurukoen komunikabideekiko harremana eta hedabideen kontsumoa erretratatzeko eskatu diote twitterrreko euskal komunitateari, #selfieIKT kanpainaren bidez, selfie katea sortzeko.
Honako hauek dira kanpainan parte hartzeko arauak:
- Norberak edo ingurukoek Informazio eta Komunikazioaren Teknologiarekin –IKT duen harremana deskribatzea da helburua. Mezuak umorezkoak ere izan daitezke.
- Argazki, bideo, irudi, pantaila-argazki, testu idatzi edo beste edozein formatutan bidali daiteke.
- Twitter bidez jasoko dira selfie edo ussie edo theysie hauek #selfieIKT traolarekin
Dagoeneko hainbat txiolarik haien mezuak helarazi dituzte. Hauek dira, besteak beste, twitterrera igo dituzten argazkietako batzuk:
Hurrengo pausua adin, bizi-toki zein Interneteko erabilera ezberdinak dituzten pertsonekin sakoneko elkarrizketak burutzea izango da: Internet aroko euskal gizartearen hedabideen kontsumo motak ezagutzeko eta sakontzeko, hain zuzen ere.
Beraz, hasi berri den ikerketa berritzaile honi laguntza eskaini nahi badiozu, badakizu, #selfieIKT bat bidali eta ikerketa honen berri zure senide eta lagunen artean aditzera eman. Zu zara ikerketa honen protagonista. Parte hartu eta txiokatu #selfieIKT traola erabilita.