Enplegu gune berrien identifikazio lanetan aritu da Urola Kostako Udal Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako programaren barruan. Azterketa horrekin eskualdean lanpostu berriak sortzeko gaitasuna izan dezaketen guneak detektatu nahi izan dira.
Hiru sektoretan sakondu dute: turismoan eta zerbitzuetan, ingurumenean eta hirugarren adineko pertsonentzako zerbitzuetan. Eskualdeko indarguneak horiei lotutakoak izan daitezkeenez, fokua horietan jarri du Urola Kostako Udal Elkarteak.
Sektore horien etorkizuneko joerak eta arrakasta izan duten kasuak dabiltza aztertzen. Orain, sektore horietako enpresa eta eragileekin elkartzea tokatzen zaie. Hau da, proiektua aurkeztu, eta egin duten identifikazio lana kontrastatu eta elkarrekin osatu.
Datozen bi asteotan egingo dituzte horretarako saioak, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Turismo sektorearekin topaketa apirilaren 15ean egingo dute, gaur, 9:30ean. Turismo arloko erakundeen eta enpresen –ostatuak, jatetxeak, kanpinak, bidai agentziak, garraio enpresak...– parte hartzea bultzatu nahi du Udal Elkarteak.
Adinekoekin lan egiten duten erakunde eta enpresekin apirilaren 22an elkartuko dira, 11:00etan, Zarautzen dagoen Udal Elkartearen egoitzan.
Bai bateko nahiz besteko enpresak eta erakundeak parte hartzera animatu nahi ditu Urola Kostako Udal Elkarteak, honela proiektu osoagoa eta eraginkorragoa osatuko baitute.