Bi milioi euro nora bideratu?

Karkara 2015ko api. 13a, 15:46

Aiako eta Orioko herritarrek erabaki ahal izango dute Aldundiaren aurrekontuaren zati bat beren eskualdean zertarako erabili.

Egitasmoa Urola Erdian jarri zuten martxan, 2013an; iaz, Gipuzkoako lau eskualdetara hedatu zuten, eta orain lurralde osora iritsiko da. Hamar eskualde zehaztu dituzte, eta bakoitzean bi milioi euro jarriko ditu diputazioak herritarren eskura, hurrengo lau urteetan inbertsioak egiteko.

Beraz, Urola Kosta eskualdeko herritarrek erabakiko dute gure eskualdean lau urteko epean 2.000.000,00 euro zertan erabili. Egitasmoek bi baldintza nagusi bete behar dituzte:

 

  • Eskualdearentzako onuragarria izan behar du eta ez soilik herri batentzat. 
  • Aldundiaren eskumenekoa izan behar du.

Parte-hartze prozesuak bost fase izango ditu. Lehendabizikoan herritarren proposamenak jasoko dira. Gero, proposamen guztiak bildu eta herritarrek galbahe bat pasa beharko dute, hau da, proposamenen artean aukeraketa bat egin beharko dute. Hori ekainean izango da, eta behin aukeraketa eginda, proiektuen bideragarritasuna aztertuko dute Aldundiko teknikariek. Herritarrek iraileko bigarren hamabostaldian aukeratuko dituzte behin betiko proposamenak, eta urrian aurrekontu proiektuan txertatuko dituzte.

Urola Kostako Udal Elkarteak prozesua bideratzen parte hartuko dute eta udalek ere aukera izango dute haien ekarpenak egiteko. Proposamenak egiteko hainbat bide daude: www.aurrekontuahobetzen.eus webgunean, herrietako postontzietan edota herrietan egingo diren tailerretan.

Urola Kostako lehen tailerra Aian izango da, kultur etxean, apirilaren 16an, ostegunarekin, arratsaldeko 19:00etan hasita. Orion Salatxo aretoan izango da, apirilaren 23an. Hemen ere 19:00etan hasiko da tailerra eta, gutxi gorabehera, bi orduko iraupena izango du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide