128.000 sarbide puntuz osatutako sarea zabalduko duela dio Euskaltelek. Zabaldu duela. Zerbitzu hori eskaintzeko bezeroen ekipoak erabili dituzte, hau da, etxeko routerrak birkonfiguratu dituzte. Orain, Euskaltel erabiltzaileek, wifira konektatu ahal izango dute kalean.
Herriko kaleetan –mapan ikusi daiteke Orion eta Aian non, gutxi gorabehera–, Euskaltelen wifira konektatu daiteke smartphonearekin eta tabletarekin, doan. Giga-mugarik eta denbora-mugarik gabe nabigatu dezakezu, mugikorreko zure tarifaren datuak kontsumitu gabe.
Konexio-abiaduran ez duela eraginik izango diote, hortaz, Euskaltelekoek.Baina, zure gailuarekin jende mordoa konektatzen bada, hori guzia kudeatzeko lan dezente egin beharko du, eta horrek abiadura moteldu dezake.
Aian ez da wifirik izango
Orion posible da Euskalteleko wifira konektatzea. Horretarako, lehendabizi, Euskaltel Wifi doako aplikazioa deskargatu beharko duzu. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu aplikazioak. Gero, Euskaltelen zure mugikor-zenbakia idatzi beharko duzu. Behin hori eginda, aktibatua baduzu wifia zure smartphonean edo tabletan, automatikoki konektatuko zara Euskaltel WiFi puntu batera gerturatzen zarenean.
Aian, ordea, ez dago horretarako aukerarik. Euskaltelek osatutako saretik kanpo gelditzen baita Aia, 128.416 Euskaltel wifi puntu horietatik at. Dena den, aiarren bat Euskalteleko bezeroa bada, Aiatik kanpo ez du arazorik izango wifira konektatzeko.
Desadostasunak bezeroen artean
Euskaltelek abisatu gabe, bezeroari azalpenik eman gabe, egin du hori. Zerbitzua aktibatzeko beharrezko aldaketak egin zituen, bai bezeroen routerretan, bai kontratuetan. Kontratuaren aldaketa abisatu zuten, legeak eskatu bezala, hilabete lehenago. Baina, abisua ematerakoan ez zuten bidali zein zen baldintzetan egiten zen aldaketa, ezta aldaketaren zergatia eta helburua ere.
Horrek guztiak bezeroen haserrea ekarri du. Nahiz eta legea bete, eta soilik derrigor abisatu behar zenean abisatu, bezero askoren ustetan ez dute zuzen jokatu, egokiena bezeroari informazio osoa ematea zela argudiatuta.