Karkarak eskaintzen didan aukera hau aprobetxatu nahi dut urte hauetako kronika xume eta, ezin bestean, labur bat egiteko. Ekainera arte, bost ataletan antolatuko dut. Lehenengoa, hauxe, atzeraka begiratuz 1995. urteko denboraldian hasita, aurtengora iritsiko naiz.
1995 Trainerua eta zortzikoa, goi mailan
Gure trainerua azken urte urtetan lehia bizian aritua zen Pasaiako San Pedro eta San Juanekoekin. 1995an, ordea, goi mailako denboraldia eginda ere, San Juanen bertan sortu berri zen Donibaneko Arraunlariak taldekoek eskuratu zuten Kontxako Bandera. Oriok galdu, bigarren.
1995 hartan, ordea, Altxerri gazteak gidatutako zortzikoak, Espainiako Txapelketan sanjuandar ontziari irabazi zion, eta aurreko urtean hasitako marka izugarria jartzeari jarraipena eman zion. Izan ere, 2002. urtera arte gure mutilak 9 urtez segidan nagusitu ziren Estatuko txapelketako modalitate nagusian, gainditzen zaila izango den errekorra jarri zuten.
1996 eta 1997 Kortaren azken urteak, eta Orio Kontxan garaile
Kontxako Estropaden 1992ko ekitaldian garaipen handia lortu izanak gure traineruaren berpiztea berretsi zuen. Kortaren itzulera izan zen iraultzaren eragile. Baina, hala ere, pasaiatarren –bai San Pedro, bai San Juan– emaitza ikusgarriak medio, lau urte igaro behar izan zuten berriro bandera etxeratzeko. 1996 eta 1997an, ordea, gure mutilek hamaika estropada irabazi eta gero, Kontxako sari nagusia ere irabazi
zuten.
1998 Jarraipena eta Kontxako bandera Oriora berriz
Korta Castro Urdialesera joana zen, baina haren ordezko jarri zen Tito Mancilla zumaiarrak, kuadrilla indartu zuen eta Oriok traineru denboraldiko sari nagusiak irabazi zituen; baita Kontxako Bandera ere.
Hala eta guztiz ere, poz guztiak goibeldu egin ziren, azken urteetan txalupako patroia izan zen Juan Mari Larrañaga, Txiki, kotxe istripuz hil egin baitzen.
1999 Oriok goian jarraitu zuen, baina Kontxa berriro San Juana
Orio zortzikoan nagusi jarraitzen zuen, eta, nahiz eta trainerutan denboraldi ona egin, Donostian kale egin zuen. Berriro sanjuandarrak, oraingoan Koxtape izenez, nagusitu zitzaien gure mutilei, ezustean, Kontxako estropadetan.
2000 Milurtea itxi zuen Oriok Kontxan irabaziz
1901ean, mendearen lehenengo urtean Kontxako bandera oriotarrentzat izan zen moduan, mendea eta milurtearen azken urtean ere etxera ekarri ziguten gure mutilek. Izan ere, argi eta garbi nagusitu ziren, bi igandetan garaipena eskuratu eta, honenbestez Oriorentzat palmareserako 30. bandera irabazi zuten.
2001 Polemika eta ezbeharra Kontxan
2001ko denboraldian Orio zen faboritoa, baina Korta Castro Urdialesen lanean hasita zegoen, eta Kontxan garaile izatea lortu zuen. Bigarren estropadaren txanda nagusian, Castroko traineruak egindako maniobrak polemika sortu zuen, baina azkenean bandera Kantabriara joan zen.
2002-2006 Kantabriarren urteak, diruaren urteak
Zortzikoaren urte bikainak amaiera izan zuen moduan, trainerutan ere urte onak amaituta zeudela nabarmena zen. Diruz egindako Castro eta Astilleroko kuadrillek ez zieten aukerarik eman gureei estropada garrantzitsuenetan.
2007 Garaipen bikaina Donostian
Kantabriarren nagusigoari erantzun bikaina eman zion gure traineruak. Kontxako Banderaren bigarren igandeko estropada historikoa izan zen; batetik gauzatu zen modu ikusgarriagatik, eta bestetik, orain artean gure koloreek irabazi duten azken Kontxa delako.
2008-2011 Gora eta behera, eta, azkenean, zulora
Bizkaiko traineru aberatsei aurre eginez, 2008 eta 2010eko denboraldiak onak izan baziren ere, 2009koa 2011ko uda beltzaren aurrekaria izan zen. TKE traineruen ligan azken postuan, zulo gorrian, itota, gure taldea bigarren mailara jaitsi zen.
2013 Okerrak zuzenduta, berriro TKE ligan, onenekin lehian
2012ko denboraldian KAE ligako estropada guztietan garaile izan ziren gure mutilak, eta aurreko urteko jaitsiera amesgaizto madarikatua izan zela erakutsi zuten. 2013koan berriz agertu zen gure trainerua aurreneko postuetan, historikoki gure taldeari horixe dagokiola erakutsiz.
2014 Neskak protagonista
Neskak aurreneko aldiz Kontxako Estropadan parte hartu zuten, eta ez nolanahi ere: bigarren igandean garaileak izan ziren sanjuandarrengandik bakarrik 9 segundotara iritsi ziren.
Nesken arraunketa indarra hartzen ari den garai honetan, goi mailan aritzeak Orioko Arraunketa Elkarteak zuen hutsune nabarmena bete du, eta dagokion lekuan, handien artean, jarri du berriz ere.
Entrenatzaile oriotarrak, garaile Kontxan
Gure mutilentzat azken denboraldiak onenak ez izan arren, aipagarria da oriotar kutsua ez dela falta izan Donostiako podiumean. Izan ere azken urteetan, Orio Arraunketa Elkartetik atera diren hiru entrenatzailek eraman dute gure izena Kontxako lehen postura: Jose Luis Korta, Sestaoko Kaikuren gidaritzan; Mikel Orbañanos Hondarribian; eta Jon Salsamendi Bermeoko taldearekin.