Martxoaren 25ean, jubilatuen eta pentsionisten eguna

Karkara 2015ko ots. 27a, 10:31

Aginagako Errasti sagardotegian bazkaria egingo dute martxoaren 25ean. Txartelak martxoaren 17an eta 18an erosi ahal izango dira, 16:00etatik 18:00etara, Zaharren Babeslekuan.

Martxoaren 25ean, asteazkenean, jubilatuen eta pentsionisten eguna izango da. Urteroko ohitura bilakatu da edadetuak bildu eta mezara joan ostean Aginagako Errasti sagardotegian bazkaltzea. Bazkalostea, urtero bezala, kantuan arituko dira.

Egunari hasiera eguerdiko 12:00etan emango diete jubilatu eta pentsionistek, Orioko elizan egingo den mezarekin. Elizkizunean Egunsenti abesbatzak hartuko du parte. Meza bukatzean autobus zerbitzua izango da Goizeko kafetegiaren aurrean. 13:00etan bi autobus aterako dira, eta ordu erdira, 13:30ean, beste bi. 14:00etarako guztiak Aginagako Errasti sagardotegian bilduko dira. Bertan bazkalduko dute, eta bazkalostean, abesbatzaren saioa izango dute. Arratsaldeko 18:00etan izango da bueltako autobusa.

Bazkari txartelak erosteko egunak martxoaren 17a eta 18a izango dira. Arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara erosi ahal izango dira txartelak 21 euroren truke. Aipatutako bi egunetan salduko dira soilik bazkari-txartelak, hortik aparte, ez da txartelik salduko.

Txartelak erosteko eguneratuta eduki behar da bazkide txartela. Bazkaritara joaten diren guztiek –bai sozioek, bai gonbidatuek–, jatetxeko arduradunari emango diote txartela bazkaritarako garaian. Norbaitek kale egiten badu, hau da, txartela erosi ondoren atzera egiten badu, ez zaio dirurik itzuliko arrazoizko justifikaziorik gabe.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide