Diseinu berriarekin lehiaketak irabazteko helburua du Eizmendik

Karkara 2015ko ots. 23a, 07:51

2015 denboraldi erregularra egin nahi dute Gorka Eizmendi eta Haritz Olasagastik BMWari egindako diseinu berriarekin. Ostiralean Orion aurkeztu zuten beren auto berritua.

Ostiral iluntzea. Euria goitik behera eta hotza Orion. Plazan, estalpean, giroa goxo. Musika zuzenean DJ Arosen eskutik, rally txapelketetako irudiak, eta Eizmendi eta Olasagastik aurtengo denboraldian erabiliko duten autoaren burrumba hotsa.

Probetan parte hartuko duten autoaren diseinu berria aurkeztu zuen bikoteak, BMW M3 eraberritua. Orain arte eta denboraldi honetan ere alboan izango dituztenak ekarri dituzte gogora: gurasoak, familia, lagunak eta babesleak.

Auto eraberrituarekin talde eraberritua izango da, denboraldi honetatik aurrera rally talde solidarioa izango direla azaldu baitu Eizmendik. Lortzen dituzten sarien erdia gizarte arloan lan egiten duten elkarteei emango diete. Aurten, Atzegi elkartearentzat izango da lortutako diruaren erdia. Horrez gain, lagunduko dituzten elkarteetara autoarekin bisitak egiteko konpromisoa hartu dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide