Gipuzkoako Foru Aldundiak inoizko parte-hartze prozesu zabalena egin du azken urte eta erdian eskualde gehienetan autobus zerbitzuak berritzeko, eta parte-hartze prozesu horretan ekarpen eta iritzi asko jaso zituen: 5.000 ekarpen baino gehiago, eta horietatik %75 inguru onartu dira.
Ekarpen horiekin Lurraldebuseko zerbitzuak aldaketak izango ditu Gipuzkoako hainbat tokitan, Urola Kostan esaterako. Urola Kostako zerbitzu berria martxoaren 1ean jarriko da martxan, igandean.
Gure eskualdean 11 linea arrunt eta gaueko bi linea egongo dira aurrerantzean. Donostiakok ospitalearekin konexioak hobetu egin dira, baita herri txikiekiko loturak ere. Aizarnazabalen kasuan, adibidez, zerbitzua eskarikoa izatetik arrunta izatera pasako da. Horrez gain, Zarauzko hainbat lotura hobetu egin dira: Bilborekin, Gasteizekin, Debagoienarekin eta Loiuko aireportuarekin, adibidez. Erabiltzaileek eskatuz gero, ibilbide luzeko erabiltzaileek geldialdia egingo dute Zarautzen.
Hiru aldaketa nagusi
- Donostiako ospitalearekin konexioa hobea
- Aizarnazabalen zerbitzu arrunta
- Zarautzen loturak hobetu dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak oso apustu garrantzitsua egin du aurten Lurraldebus autobus zerbitzua hobetzeko. Horretarako herritarren ekarpenak kontuan izan dituzte.
Orain, autobusek 6 milioi kilometro gehiago egingo dituzte 2014 urtearekin alderatuta, %37 gehiago. Zerbitzu gehiago izateak gidari gehiagoren beharra dakar, hortaz, 99 gidari kontratatu dituzte. Zerbitzu honetan egindako inbertsioa asko handitu da iaztik hona, %42. 2014an 18,5 milioi euro inbertitu ziren, aurten 26,4 milioi.