3.870 emakume lasterka, jomuga berdin batekin: berdintasuna. Zimenduak ondo jarrita dituen lasterketa da, urtetik urtera indartzen eta finkatzen joan dena. Arrakasta urtero errepikatzen da, baina, aurtengoa izugarria izan da, bi egunen buruan dortsal guztiak saldu baitziren.
Aiatik eta Oriotik 46 lagunek hartuko dute parte. Aian 15 neskak egingo dute korri eta beste batek lilarollera lasterketan hartuko du parte, hau da, patinetan egingo du ibilbidea. Orion 30 dira izena eman duten lagunak.
Goizeko 11:00etan hasiko da, baina lasterkariek arropa eta gainerakoak uzteko goizeko 9:00etan irekiko da kontsigna. Lasterkariaren poltsa –dortsal-txipa eta kamiseta–, otsailaren 27 eta 28an 11:00etatik 20:00etara eskuratu ahal izango da donostiako emakumeen etxean –Okendo 9, Donostia–. Lasterketak bost kilometroko luzera du. Irteera eta helmuga toki berean egongo da, Bulevarden.