Ezinbestean behar dugu energia egunerokoan. Energia kontsumoa areagotuz doa urtez urte, eta etxeko fakturetan pisu ekonomiko handia dauka. Etxekoetan ez ezik, enpresetan ere bai. Gaur egun gizartean energia gehien kontsumitzen duen sektorea industria da. Energia kontsumoa eta eraginkortasun energetikoa lehiakortasun faktore garrantzitsuak dira enpresentzat. Horregatik, Urola Kostako Udal Elkarteak energia aurrezteko lehiakortasun programa jarri du martxan.
Eraginkortasun energetikoak energian nahiz ekonomian aurreztea dakar, eta horrek, enpresaren lehiakortasuna hobetzen du. Horregatik nahi dute hitzaldi hauekin fokua eraginkortasun energetikoan jarri. Bi lankidetza foro egingo dituzte gaia lantzeko. Batak fakturazio elektrikoaren optimizazioa landuko du, besteak, argiztapena eta konforta enpresan. Foro horien bidez, enpresen aurrezpen energetikoa hobetu eta lehiakorragoak izateko beharrezkoak diren erremintak azalduko dira.
Fakturazio elektrikoari buruzko foroa martxoaren 10ean izango da, 9:00etan, eta bi ordukoa izango da. Gaur egungo egoera energetikoa, energia enpresan, merkatu elektrikoaren egoera, tarifa elektrikoa, optimizazioaren helburua, beharrezkoa dena, faktura elektrikoa eta abar izango dira landuko diren gaiak.
Argiztapen eta konforta lantokian saioak ere bi orduko iraupena izango du eta martxoaren 17an izango da, 9:00etan. Tratatuko diren gaiak ondorengoak dira: energia kontsumoaren gaur egungo egoera eta eboluzioa, argiztapenaren ezaugarriak, argiztapen naturalaren garrantzia, argiztapen konforta, teknologia desberdinak, diru laguntzak enpresentzako energiaren sektorean...
Foro horietan Urola Kostako Udal elkarteko energia teknikariek eta hainbat adituk hartuko dute parte. Enpresaren batek parte hartu nahiko balu –15entzat dago tokia–, u.olabarria@urolakosta.org helbidera idatzi beharko luke edo 943890808 telefonora deitu. Izen emateko epea martxoaren 6an amaituko da. Izena ematen duten enpresek Udal Elkarteko energia teknikariaren bisita izango dute enpresan.
Horretaz guztiaz aparte, telefono zerbitzu ireki bat jarriko du martxan Urola Kostako Udal Elkarteak, enpresei energiari lotutako zalantza eta arazoak argitzeko. Zerbitzu hori astelehenetik ostiralera egongo da martxan, 9:00etatik 12:00etara.