Eskuak elkarri lotuta eta libre sentitu ziren milaka lagun iazko ekainean. Durango eta Iruñea batu ziren, eskuz esku, herri bat garela eta erabakitzeko eskubidea dugula aldarrikatzeko. Herritarron garaia dela eta, herriak hartu zuen hitza. Eta, orain, aurtengo ekainean, herritarrek, herri borondatearen jostunek, erabakia ehunduko dute.
Ekainaren 20an izango da. Herriz herri eta auzoz auzo jositako oihalak elkartuko dira, hautestontzi erraldoiak atontzeko. Horretarako, lehenago, herri eta auzoetan oihalak ehundu behar dira. 20 laguneko taldea sortu, oihal zatia eskuratu, nahi baduzu apaindu, eta apirilaren 25ean, herriko talde guztien oihalak josiko dira. Honela, oihal zatiz osatutako oihal handi bat osatuko da.
Izen emateko aukera zabalik
Orion eta Aian, esaterako, jada zabalik dago ekimenean izena emateko aukera. 20 laguneko taldea osatu, bakoitzak euro bat ipini eta Rosi Lazkano antolatzaileari deitzea –671 070 569– nahikoa da. Berak taldeko arduradunari oihal zatia eta taldekide bakoitzarentzat saretu txartela emango dizkio. Garrantzitsua da oso txartel horiek ondo betetzea, oraingo honetan biziko inportantea baita partaide kopuruaren konstantzia argia izatea. Horregatik, antolakuntzatik txartelak ondo betetzea eskatzen dute.
Hortaz, lehen instantzian, herritarrek egin beharko dutena euroa ordaindu eta datuak zuzen ematea izango da. Gero, apirilaren 25ean, ehuntze eguna antolatu da eta herriko oihal guztiak josiko dira. Ekainaren 20an, herrika jositakoarekin hautestontziak atonduko dira.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!