Fracking baimenak ez atzera, ez aurrera

Karkara 2015ko ots. 5a, 12:32

Argazkia: Nicolas Meline

Aiako eta Orioko lurrak frackingaren arriskuan daude, Gipuzkoan eskatutako bi baimenetako batek Urola Kosta ia guztia hartzen baitu.

Frackingaren aurkako aldarria zabaltzen ari da Euskal Herrian; Araban hasi zen herri mugimendua hedatzen ari da. Fracking ez lelopean duela hiru ekindako bidera euskal herritar asko eta asko batu dira, tartean hainbat aiar eta oriotar.

Fracking. Harriari itsatsita dauden hidrokarburoak –petrolioa eta gasa, adibidez– lurpetik ateratzeko teknika da. Irazkortasun baxua duten harrietatik gasa ateratzeko erabiltzen da. Harrien arteko tartea txikia da, hortaz,  harrietatik gasa ateratzeko harria puskatu egin behar da. Eta hori, nola? Lehendabizi lurraren azterketa egiten dute; gero, zuloak egiten dituzte; ondoren, lehergailuekin harria hausten dute; azkenik, pitzadura horietan ura, hondarra eta produktu kimikoak sartzen dituzte presio handiz, gasa lortzeko.

Lurpetik ateratakoa saltzeak etekin ekonomikoa eman ditzake, baina, baita kalteak ekarri ere. Pitzaduretan botatzen duten ura kutsatu egiten da produktu kimikoen ondorioz, eta, ez ur hori bakarrik, baita ingurukoa ere. Kutsakorra da oso. Ur-xahutze handia ere bada.

Aia eta Orio frackingaren arriskuan

Gipuzkoan bi baimen daude eskatuta lurpetik gasa ateratzeko teknika horretarako, Gipuzkoako lurrazalaren %40a hartuko luketenak: Sustaraia eta Landarre. Bi baimen horietariko batean Aiako eta Orioko eremuak daude, Landarren, hain zuzen.

 

Landarre baimenak 37.000 hektarea hartzen ditu, 29 udalerri. 2011n eskatu zituen Jaurlaritzaren menpeko SHESA enpresa publikoak, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Ez atzera eta ez aurrera daude baimenak, baiezkorik eta ezezkorik jaso gabe.

Udalerri batzuk, ordea, ez dira geldirik gelditu. Frackingaren aurkako mozioa aurkeztu dute. Aiako eta Orioko udalerriek ez dute moziorik aurkeztu proiektua beren eremutan izanda. Aia eta Orio bezala beste 22 udalerri dira mozioa aurkeztu ez dutenak.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide