Telebista pizte hutsak sortzen didan sentsazioa deskribatzen duen hitzaren bila aritu ostean nazka da etortzen zaidan hitza. Pariseko Charlie Hebdo aldizkariko tiroketen berria entzun nuenean harrituta gelditu nintzen: bai, europarra naiz, azal zurikoa, komunikazio ikasketak ditut... tiroketaren unean erredakzio frantsesean zegoen jende horrekin, nolabait, identifikatuta sentitu nintzen. Albistea behin eta berriz entzun ostean, jada gaia nekatzen hasia zitzaidanean, nire baitan, istorioari buelta ematen hasi nintzen: eta mendebaldeko gizaki zuriak gutaz trufatzen den aldizkari islamista bat erasotuko balute? Galdera horren atzetik beste mila galdera etorri zitzaizkidan. Komunikabideek gaiaz hitz egingo al lukete? Gaiaz hitz eginez gero nola tratatuko lukete? Adierazpen askatasunaren kontzeptua nola erabiliko lukete? Galdera erretorikoak, denak.
Buruari buelta batzuk eman ostean, komunikabideen limurtze indar ukaezinaz gain, identifikatzen garenarekin enpatizatzeko dugun joeraz hausnartzen hasi nintzen. Gure arraza, kultura, adin, hizkuntza eta sexu berekoa den pertsona batekin errazago identifikatzen gara, ezaugarri ezberdinak dituen pertsona batekin baino. Antzeko ezaugarriak dituen pertsona horren lekuan gure burua ikustea errazagoa egiten zaigu, noski.
Kale-bazterrean eskean ikusten dugun errumaniar bati edo espainiar bati ez diogu berdin laguntzen. Ziurrenik egoera zailenean dagoenari baino lehenago lagunduko diogu gure antzekoenari. Sarri, ematen du ahaztu egiten dugula denok gizakiak garela, denok berdin sentitzen dugula; gure artean ditugun diferentziak azpimarratzea edo handitzea gustatzen zaigu. Eta komunikabideak arduratzen dira diferentzia horiek amildegi bihurtzeaz.
Gero eta gizarte kultur-anitzagoan bizi gara, baina dudan jartzen dut gure bizimoduak gero eta kultur-anitzagoak diren. Eskoletatik eta etxeetatik hasi beharko genuke, umeei erakutsiz haragi kolorea ez dela plastidecoretan etortzen den arrosa eta laranjaren arteko kolore hori, baizik eta haragi koloreak anitzak direla. Eta hezteko, jateko eta jokatzeko moduak milaka direla eta gurea/nirea ez dela onena, beste bat baino ez.