Amor/Orio

IƱigo Gaiton 2015ko ots. 2a, 16:09

Denboralditxo bat kanpoan eman ostean edo, zergatik ez, Bilbon pasatako egun bakar batekin ere, itzul
zaitezke gure hondartza maitera eta eskaini ohi dizkigun bakardade momentu ederrez gozatu.

Sentsazio bati bueltaka ariko naiz artikulu honetan, agian zuetako askok ere sentituko zenuten noizbait antzeko feeling-a.  Diot, Bilbora unibertsitate garaian joan eta Oriora txikitan joaten nintzen gurasoekin bisigua jatera edo antzerako kontuak entzuten dituzunean, pena edo tristura sortzen dizula zure herriaz jendeak irudi hori –bakarrik– izateak. Hori eta noski, arraunarena. Gero, edozein egunetan herrian bueltaka zabiltzala poza ere sentitzen duzu Mikel edo xixarionekua arraiak erretzen ikustean, pentsatuz, hemendik urte gutxira parrilletatik irtengo dela gurea herri arrantzalea izan zela gogoraraziko digun usain bakarra. 

Diot, goragalea emango dizula hondartzara joan eta errio bestaldean ziztatu ziguten eraikin hori ikusteak, putomuroa enbarazuan eta orain, autopista azpian azukre-koxkor erraldoiak errioko kafesnetan urtu zain. Hala ere, denboralditxo bat kanpoan eman ostean edo zergatik ez, Bilbon pasatako egun bakar batekin ere, itzul zaitezke gure hondartza maitera eta eskaini ohi dizkigun bakardade momentu ederrez gozatu; Anarri aldera arraun edo igerian joanda, barrako arroketan eseri eta begiak itxiz edo Itxaspetik behera zatozela, bizi garen lekuagatik auskalo zeri eskerrak emanez.

Zoritxarrez, benetan maite-estimuan ditudan herritar gehiegi daude Oriotik hanka egiteko desiraz. Zergatik? Gure herria ez al da ba kristona? Bai, primerakoa da... umeak hazteko. Zarauzko gazte askok guraso izan eta gurera jo du etxeak merkeagoak direlako, hori hala da. Eta gu, zerbait baginelakoan; aberastasunik geratzen al zaigu ba? Interes bereziko ezer mantendu al dugu?

Lehengo astean neguko eguzkia lagun Ur-lan tailerra, ontziola eta Frantsez-fabrika inguruetan kuxkuxean jardun nintzen. Lehenengoa husten ari dira, bigarrena erortzear dago eta hirugarrenaz ezer ez dakidanez, ixilik hobe.

400 metro horietan dauden harribitxiak uholdeak daramatza ahanzturara, betiko. Gaitz ederra dugu,  beti berandu ibili beharrarekin...

Eta hemendik 20 bat urtera, errioaren alde horri begira orduak pasatzen ikusten dut nire burua, orain hondartzari bezala, garai batean izan zuten dirdirak txoratuta, oraindik maite ditudala sinistuz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide