Itxura berritua du Urola Kostako Hitzak

Karkara 2015ko urt. 28a, 08:27

Atzotik diseinu berria du Urola Kostako Hitzak, bai paperean, bai sarean.

Berrituta jaso genuen atzo Urola Kostako Hitza, baita itxura aldatuta topatu sarean ere. Gizartearen eta teknologiaren erritmora egokitu dira, diseinua berrituta eta webgunea eguneratuta. Teknologia berrien garapenak eskatuta egin dute aldaketa.

Paperaz gain euskarri digitala dute; albisteak ordenagailutik, tabletetik nahiz sakeleko telefonotik irakurtzeko, azaldu du Onintza Lete Urola Kostako Hitzako zuzendariak. Twitter eta Facebook sare sozialetan ere etengabe aritzen gara albisteak partekatzen gure jarraitzaileentzat. Sare sozialetan egoteko beharra azpimarratu du, herritar askok tresna horiek erabiltzen baitituzte informatzeko.

Papera eta webgunea elkarlotuta

Berrikuntzen arrazoia irakurleei ahalik eta zerbitzu onena ematea da, osoa. Edozein euskarritatik Urola Kostako Hitzak argitaratzen dituen albisteen berri izatea. Edonon. Edonoiz. Paperean nahiz webgunean; bideoan nahiz idatziz. Guretzat papera bezain garrantzitsua da webgunea, aitortu du Letek.

Webgunean, lehen begiratuan, momentuko albisteak azaltzen dira. Momentuko albisteak hainbat euskarritan: idatziz, argazkiekin edo bideoan. Informazioa emateko beste modu bat da, idatzizko formatuaren osagarria, eta gaiaren arabera, informazioa emateko modu egokiena ere izan daiteke, irizten dio Letek. Iaz ikus-entzunezkoen alorra beren lanean integratzeko apustu irmoa egin zuten, eta aurten horri eusten diote.

Atari digitalean, atal berezi bat du paperekoak, eta bertan biltzen dira papereko albiste guztiak. Bi produktu desberdin dira papera eta webgunea, aldaketa hori gure lanean beste aurrerapauso bat izan da.

Teknologiak aldatu egin du kazetarion jarduna. Gizarteak bide bat hartu du, eta guk nahitaez erantzun egin behar diogu horri, argitu du. Euskarri teknologiko horiek berekin dakarte azkartasuna. Letek dio azkar eta ondo lan egiten asmatu behar dela. Sarean informazio jarioa sekulakoa da. Sasi-informazioa ere asko dago, eta kazetariok beharrezkoak gara hor: informazioa eta txutxumutxuak desberdintzeko, publizitatea eta informazioa desberdintzeko, albiste interesatuak eta kazetaritza profesionala desberdintzeko.

Gutxirekin asko egiten ikasiz

Lana profesionaltasunez egiten ahalegintzen dira Urola Kostako Hitzako langileak. Profesionaltasunez eta garai berrietara egokituz, horregatik egin dute itxura berritzeko apustua. Baina, ez da erronka makala, tokiko hedabideak egoera itoan, bizirauten, baitaude. Tokiko hedabideok ikasi dugu gutxirekin asko egiten, baina kontua ez da dugunari eustea, aurrera egitea baizik, dio Urola Kostako Hitzako zuzendariak eta gaineratu du: txikiak gara, baina ez gara konformatzen gutxirekin. Ahalik eta ondoen egin nahi dugu gure lana, gizartearen beharrei erantzun nahi diegu.

Dena den, Urola Kostako Hitzak otsailaren 20an hamaika urte beteko ditu, eta, hori, jende askoren merituagatik da. Euskaldeko gizarteak ahalbidetu du gu hemen egotea, eta lan taldearen lan militanteak ere bai. Behin eta berriz eman dizkie eskerrak Letek babesa ematen dieten horiei. Eta, berei ere eskertzen diete egiten duten eguneroko lana. Harpidedunak trukean zerbait emateko prest daude; hitzez ez, baina gure lana eskertzen dute, aitortzen du.

Aurrera egiteko ezinbesteko bidelagunak dira guretzat harpidedunak. Baita publizitatea jartzen dutenak, herriko eragileak, erakunde publikoak... eta horekin guztiekin lanean jarraitu behar dutela azpimarratu du Letek. Baina, horretaz gain, ikusten dugu sekulako indarra dagoela sakabanatuta eskualdean tokiko hedabideei dagokionez; herri aldizkari errotuak eta profesionalak daude, euskarari sekulako ekarpena egiten.

Eskertu bai, baina eskatu ere egiten du Letek: Nahi nukeena kazetari gutziek lan baldintza duinak izatea da, batzuetan ahaztu egiten baita gu ere langileak garela.  

Ukaezinak diren gabeziak

Diru sarrerak eta harpidetzak beherantz doaz sektorean. Ekonomikoki behera egin arren, hedabideak gora egin behar dute. Erronka berriak daude: sareak gero eta lan gehiago eskatzen du, baina lan taldeak ez dira handitzen. Bestetik, kazetaritza edukietan ere badago zer hobetua: bideo osatuagoak, erreportaje sakonagoak, aplikazio hobeak... Hitzaren nahia gaudenean gelditu beharrean aurrera egitea dela dio. Iruditzen zait herri aldizkariek ere hausnarketa antzekoa egingo dutela, beraz, gu elkarlanerako prest gaude. Benetan uste dugu denok dugula zer irabazi indarrak batuta.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide