Paisaia linguistikoa euskalduntzeko bidean

Karkara 2015ko urt. 23a, 16:46

Martxoaren 28a bitarte egongo da martxan Euskara menuan izeneko kanpaina, menuak euskaraz jartzeko helburua duena.

Bezeroaren azalean jarri gaitu prentsaurrekoan Gari Berasaluze Zarauzko euskara teknikariak. Donostiako sukaldari ezagun baten alabak, aitaren arrastoa jarraitu eta ospe handiko sukaldari egin da. Aitak alabari ez dio euskararik erakutsi, belaunaldi batena galdu egin da. Zertarako ditugu munduko sukaldari hoberenak eta egundoko eskaintza gastronomikoa, gero, menuan, gure altxorrik hoberena agertzen ez bada?

Bertako ostalaritzan euskarak duen garrantzia azpimarratu du Berasaluzek. Gure menuaren benetako balio erantsia da euskara, hori desagertuz gero menuko gatza eta piperra galduko genuke. Euskara ez balitz ostalaritzan erabiliko, gastronomiaren paisaia linguistikoan desagertuko litzateke.

Paisaia linguistiko erdaldunetik aldendu eta euskalduna izatea da Urola Kostako Udal Elkartearen asmoa. Horretarako, Euskara menuan kanpaina jarri dute martxan. Ostalariei eta bezeroei eragingo lioke kanpainak, biek euskaraz egitera bultzatzen baitu. Alde batetik, ostalariei euskara menuan erabiltzeko baliabideak eta laguntzak emango zaizkie. Bestalde, euskara menuetan darabilten taberna eta jatetxeetara joatea sarituko da.

Erabateko laguntza euskara menuan txertatzeko

Euskarak ostalaritzan bai ala bai egon behar duela irizten dio Amaia Guruzeta Udal Elkarteko lehendakariak. Euskarak presentzia izateko laguntza eta aholkularitza emango zaie. Hiru langile daude horretarako, espresuki, lanean. Lagungarria izango zaien hiztegia eskura jarri zaie eta kaleko.org webgunean ere aurkitu daiteke; menuak euskaratzeko zerbitzua ere badute; eta, euskaratutakoa euskarri fisikoan izateko aukera ere bai.

Hasiberriak dira horretan, eta, langile batek aitortu duenez, printzipioz, ekimena erantzun ona ari da izaten. Erraztasunak ematen badira, prest daude eskaintza gastronomikoa euskalduntzeko, azaldu du eta Berasaluzek gaineratu du: borondatea badute, guk eskura uzten diegu guztia.

Menua euskaraz ez duten enpresentzat nahiz euskaraz dutenentzat da ekimena. Batzuei, euskalduntzeko eman beharreko pausoetan lagunduko zaie; eta, besteei, egunerokoan izan ditzaketen arazoak konpontzen.

Euskaraz kontsumitzeagatik, saria

Bezeroak programa honen barruko jatetxe edo taberna batera joaten badira, zozketa batean parte hartuko dute. Guztira 60 euroko 20 txartel zozketatuko dira. Martxoaren 28an amaituko da kanpaina, hortaz, ordura arte egongo da zozketa martxan.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide